Euskara Batuaren Eskuliburua

hitzen ordena

hitzen ordena

HITZEN ORDENAREN GARRANTZIA. Informazioa ematean, berebiziko garrantzia du perpaus barneko hitzen ordenak. Aski librea da ordena gramatika-funtzioa kontuan hartzen bada (hots, elementuen ordena lekuz aldatuta ere, subjektua beti da subjektu, aditza aditz, eta objektua objektu). Baina ez da hain librea ematen den informazioaren klaseari erreparatzen baldin bazaio; osagai bakoitzak garrantzi berezia hartzen du orduan.

 

Honako adibide hauetan, esate baterako, gramatika-funtzioak berberak dira denetan —Josu, subjektua; irten, aditza; leihotik, adizlaguna, etab.—, baina, informazioaren aldetik, ordena aldatzeak esanahi-aldaketa dakar:

Josu leihotik irten da gaur eskola-garaian.

Gaur, Josu irten da leihotik eskola-garaian.

Gaur, leihotik, eskola-garaian irten da Josu.

 

Hiru elementutan dago aldaketaren funtsa: mintzagaian, iruzkinean eta galdegaian.

Mintzagaiak —tema izenez ere ezaguna— informazioaren markoa, unibertsoa finkatzen du, eta hori, gehienetan, informazio zaharra edo ezaguna da. Perpausaren hasieran jarri ohi da, eta, haren ondoren, pausaldi bat bezala izaten da. Edozein sintagma izan daiteke mintzagai, eta elementu bat baino gehiago ere izan litezke. Etxe horretan, Maddi bizi da. Atzo, zer egin zenuen? Goizean, lantokian, biltzar luze eta kalapitatsua izan zuten.

Iruzkina errema izenez ere ezaguna— informazio berria dakarten osagaien bilduma da, eta mintzagaiari buruz esaten dena osatzen edo betetzen du. Etxe horretan, Maddi bizi da. Atzo, zer egin zenuen? Goizean, lantokian, biltzar luze eta kalapitatsua izan zuten.

Galdegaia iruzkinaren barruan enfasi berezia hartzen duen osagaia da. Aditzaren ezkerrean doa beti —aditza bera galdegai ez bada, behintzat—, eta harekin batera ahoskatu behar da, bien artean inolako etenik gabe, intonazio-unitate berean (azpimarrak adierazten du hori adibideetan). Perpausean ezkutuan —baina hiztunaren buruan presente— legokeen galdera bati erantzuten bezala jokatzen du galdegaiak. Etxe horretan, Maddi bizi da. Atzo, zer egin zenuen? Goizean, lantokian, biltzar luze eta kalapitatsua izan zuten.

 

ORDENA EZ-MARKATUA. Informazioa ematean, euskarak badu oinarrizko ordena normal bat, natural bat, ez-markatu edo neutro esaten zaiona, eta honako hau da, beste arrazoiren batek aldatzera behartzen ez badu: SOA [subjektua/osagarria(k)/aditza]. Mikel (S) menditik (O) etorri da (A). Mikelek (S) gezurra (O) esan du (A).

Oinarrizko ordena normal hori, hala ere, ez da beti mantentzen. Egitura hori, hainbatetan, SAO bilakatzen da. Zergatik?

1. Perpausean ageri den osagarrietako bat luzea edo konplexua delako (mendeko perpausa, kasu). Orduan, SOA ordena apurtu eta aditzaren eskuinera eraman daiteke hura (O deitua, alegia). Adibidez: ‘Nik hori, ez zuk nahi duzulako, beste honek nahi duelako baizik egingo dut’ esan ordez, beste era honetara ere esan daiteke (eta hala esaten da normalean): Nik hori egingo dut ez zuk nahi duzulako, beste honek nahi duelako baizik (SAO).

2. Aditz jakin batzuek esaldiaren hasieran joateko joera dutelako. Aditz deklaratibo deritze horiei; besteak beste, hauek dira batzuk: esan, adierazi, ukatu, aldarrikatu, iragarri, erabaki, agindu, izan, etab. Erreparatu aditzak azken tokia utzi eta aurrerantz jo duela esaldi guztietan, eta intonazioan ere, gehienetan, halako kera berezi bat egiten dela. Adibidez: Esan behar dizut↓ gaurko notizia horrek... Zuzendariak agindu du↓ gelako ateak... Entzun dut↓ zu bezalako pertsonak... ( aditza esaldiaren hasieran?)

 

ORDENA MARKATUA. Baina egitura ez-markatu edo neutroa (SOA), aldatu —goiko bi kasu horietaz gainera—, galdegaia ageri denean aldatzen da batez ere. Har ditzagun bi adibide hauek: Josu leihotik irten da (SOA) / Leihotik, Josu irten da (OSA).

Bistakoa da bigarren adibideak SOA ordena ez-markatua ez duela kontuan hartzen. Molde normala apurtu, eta hiztunak informazio zehatz bat —informazio berriko elementu enfatikoa (galdegaia); kasu honetan, NOR irten den, alegia— markatu nahi duenez, bestelako egitura bat osatu du: Leihotik, Josu irten da. ( galdegaiaren legeak)

Hala, ordena markatuan ere hurrenkera jakin bat nagusitzen da euskaran:

Mintzagaia [balego] (1) (,) + (galdegaia + aditza)(2) + gainerako osagarriak(3)

 

ONDORIOA. Perpaus barneko hitzen ordena ez da molde berean agertu ohi hizkuntzaren jardun-mota guztietan. Elkarrizketako testuek eusten diote ondoen SOA ordenamenduari. Beste eretako testuetan —hala nola narrazioan, azalpenetan, etab.— ordena-arauak askatasun handiagoz baliatzen dira.

Honela itzuli zuen Lardizabalek (XIX. mendea) ebanjelioetako pasarte bat: “Gizon batek bi seme zituen...; gazteena aitari senipartearen (herentziaren) eske jarri zitzaion...” (SOA). Pasarte bera beste era honetara eman zuen garai bereko Agirre Asteasukoak: “Aita batek zituan bi seme...; gazteenak eskatu zion etxetik zegokiona...”. (SAO).

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (355-380).

—(1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Eranskina. Bilbo: Euskaltzaindia (15-46).

—(1999). . Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (38-40).

ALTUBE, Seber (1929). Erderismos. Bilbo: Euskaltzaindia.

OSA, Eusebio (1990). Euskararen hitzordena komunikazio zereginen arauera. (doktore-tesia), EHU/UPV.

ZUBIMENDI, Joxe Ramon, ESNAL, Pello (1993). Idazkera-liburua. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

GARZIA Juan (1997). Joskera lantegi. Gasteiz: IVAP-HAEE.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper