Gizaki hitzak (gizon-emakumeak) hitz elkartuetan hartzen duen forma da. Antzina, gizon hitzak hitz elkartuetan hartzen zuen forma zen; jatorri etimologiko hori du, baina galdua du jatorriarekiko lotura semantikoa. Gaur egun, eta aspalditik, erdal (es) humano, (fr) humain adjektiboak duen esanahiarekin soilik erabiltzen da hitz-elkarte berrien lehen osagai gisa: giza arraza, giza gorputza, giza eskubideak, giza genoma...
Beste hainbeste gertatzen da giza hitzarekin sortutako hitz eratorri gehienekin. Galdua dute antzinako gizon jatorriarekiko lotura, eta gizon-emakumeak dute erreferente: gizaki, gizarte, gizadi, gizatiar, gizatasun, gizateria. [EH]
Hitz-elkarketan ez dagokio marratxorik (*giza-eskubideak > giza eskubideak), lehen elementua den gizon osagaiak letra-galera (-on > -a) izan duelako. Gauza bera gertatzen zaie erdal, euskal, itsas, burdin, arnas eta eliz hitzei ere hitz-elkarketan, lehen osagaiak azken letra galtzen badu: ez dira inoiz marratxoz lotzekoak. [25. araua]