Kausazko zentzua duenean, ezen lokailua —ahozkoan ze edota zergatik (e)ze moldeetan— menderagailurik gabe erabiltzen da (*ezen... bait-/-(e)n). Zu behar zaitut laudatu, ezen gauza guztiak zuregandik heldu dira. Adinak burua flakatu bide dio, ezen hasia da bere aldeko ez dituen gizonik aipatuenen preso ematen eta hilarazten. Era horretako esaldietan, zeren lokailuaren balioa du.
Ondoriozkoa denean —non lokailuaren baliokide denean, alegia—, dagokion aditzak bait- edo -(e)n menderagailua eramatea da ohikoena, literatura-tradizioan menderagailurik gabeko bakan batzuk aurkitzen badira ere: Hain begiluzea zen, ezen (= non) herriko berri guztiak jakiten baitzituen. Hain begiluzea da, ezen herriko berri guztiak jakiten dituen.
Ondoriozkootan, desegokia da -(e)la atzizkiarekin ematea: *Hain begiluzea zen, herriko berri guztiak jakiten zituela eta gisakoak ez-gramatikalak dira (> Hain begiluzea zen, herriko berri guztiak jakiten zituen).
Perpaus osagarrietako (ezen)... -(e)la. Molde honetako perpausekin ageri da batez ere ezen [EH], baina aukerakoa da, ez du-eta aldatzen zentzua. Literatura-tradizioan eze eta ze aldaerak ere ageri dira. Normalean, esaldi konplexuetan erabiltzen da hitz iragarle gisa mendeko esaldiari sarrera emateko. Eta agintzen dizut ezen hemendik aitzina zure zerbitzari izango naizela. Gogo txarrez ondorioztatu zuen ezen barrunbe-erradiazioa ulertzeko modu bakarra, hain zuzen, atomoak bazirela onartzea eta Boltzmann-en pentsamolde estatistikora biltzea zuela. ;
EUSKALTZAINDIA (2016). Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia (ezen sarrera).
—(1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (62-65).
— “Kausa/ondorioa adieraztea: ezen”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (26).
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "Ezen... -(e)la", Ehulkuren aholku guztiak.
GARZIA Juan (1997). Joskera lantegi. Gasteiz: IVAP-HAEE (234-237).