Gaztelaniazko ‘ejemplo’ edo frantseseko ‘exemple’ hitza modu kalkatuan erabiltzeak sortzen du nahastea. Euskaraz, gauza bat da eredu (sin.: ‘modelo’, ‘jarraibide’, ‘prototipo’): Haren jokaera eredu gertatu da guztiontzat. Euskal autore gailenak ditu eredu. Greziar ereduak; eta beste gauza bat adibide (sin.: ‘argibide’): Adibide bat jarriko dizut hobeto ulertzeko. Adibide argia eta adierazgarria erabili zuen irakasleak. Etsenplu hitzak ez du arazorik sortzen, bi adieretan egoki baitator. [EH]