Honatx hitzez hitz zer dioen 151. arauak («Espainia-Frantzietako eskualdeen izenak»): “Askotan, eskualdearen jatorrizko izena artikuluz idazten da erdaretan, singularrean nahiz pluralean. Euskaraz, artikulua ez aipatzea izan da joera nagusia, eta hala da gaur egun ere. Horregatik, adibidez, Errioxa edo Mantxa grafiak arautu dira euskaraz gaztelaniazko La Rioja eta La Mancha toponimoetarako. (...) Beraz, euskarazko testuetan erabiltzean, ez da artikulurik behar (besterik da atlas, entziklopedia eta antzekoetan, non gerta baitaiteke komenigarri izatea jatorrizko forma osorik ematea)”.
Arauaren erabilera-esparrua hau da: Espainiako eta Frantziako eskualdeak. Eremu horretatik kanpo, Euskaltzaindiak ez du irizpiderik eman; beraz, ulertu behar da, printzipioz, kanpoko leku-izen baten grafia euskaraz aldatzen ez bada, artikulua ere ez dela aldatzen. Adibidez, La Paz da Boliviako hiriburua, eta ez Paz; eta El Salvador da estatuaren izena, eta ez Salvador.