Adiera bat baino gehiago du agindu aditzak [EH]. Adieraren arabera, konplementazio bat edo bestea hartzen du (nahiz tradizioan guztiz betetzen den ohitura ez izan):
• -tzeko hartzen du ‘agindua, ordena’ adierazten duenean (berdin jokatzen dute adiera horretan eskatu , esan eta gisako aditzek). Opariak ekartzeko agindu du. Eskuak garbitzeko agindu die ikasleei.
Sistematikoa da subjuntiboaren baliokidetasuna. Sinonimoak dira, hartara, hiru aukerok: Amak agindu dit etxera joateko / joan nadila / joan nadin. Isilik egoteko / egon gaitezela / egon gaitezen agindu dute.
Zenbaitetan, subjuntiboa erabiltzea maila jasoaren adierazgarri izan daiteke, Hegoaldeko euskalkietan batez ere. Horrela, euskalki horietan ohikoagoa da adibide hauetako lehena (-tzeko) bigarren-hirugarrenak baino (subjuntiboarekin, Hegoaldean, gehienbat -(e)la erabiltzen da; Iparraldean, -(e)n).
Lehenbailehen sartzeko agindu ziguten.
Lehenbailehen sar gintezela agindu ziguten.
Lehenbailehen sar gintezen agindu ziguten.
Batzuetan, agindu aditzaren ordez, izena da (agindu, manu) perpaus osagarria gobernatzen duena: Agindu[a eman] du lehenbailehen itzultzeko etxera.
• -tzea hartzen du ‘promesa, agintza, berba ematea, hitzematea’ adierazten badu. Opariak ekartzea agindu du. Zelulitisa gutxitzea agintzen duten iragarkiak kritikoki aztertu behar dira.
Molde honetakoek konpletiboa (-(e)la) ere bere-berea dute: Nota ona ateraz gero oparia / oparia erosiko diola / oparia erostea agindu dio.
• -tzea hartzen du ‘baimena eman, utzi’ adierazten badu. Barrenak ez dit agintzen hori egitea: isilik egotea.
Adierazia nolakoa duten, konpletiboa ere (-(e)la) har dezakete: Bere buruari adiskidetsu aritzea / arituko zela agindu zion.
EUSKALTZAINDIA (2011). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII (EGLU VII). Bilbo: Euskaltzaindia (450, 567-591).
—(1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (133).
— “Aditzaren jokabidea: agindu (isil gaitezela/isil gaitezen agindu digu)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: subjuntiboa (eskatu, agindu, gomendatu, proposatu, aholkatu …dadila /dadin)”, Jagonet galde-erantzunak.