Euskara Batuaren Eskuliburua

ea partikula

ea partikula

Hemen aipatzen diren lehen bi adieretan (1 eta 2) ez da erabilera-zalantzarik izaten. Hirugarrenean bai; horregatik argibideak.

1. Interjekzio-balioa du batzuetan, eta norbaiten arreta lortzeko edo norbaiti adore emateko erabiltzen da orduan. Ea, neska-mutilok, goazen!

2. Agertzen da desira moduren bat-edo adierazten duen esaldi txertatu baten hasieran ere (-(e)n atzizkia duela). Ea gauzak pixka bat zuzentzen ditugun!

3. Zehar-galderazko esaldi txertatu baten hasieran ere ageri ohi da, eta adiera horretan ageri da sarrien, gainera. Tradizioan eia, ia eta beste forma batzuk ere erabili izan dira, baina ea da estandarreko forma. Ezaugarriak:

Aukerakoa da ea partikulaz baliatzea (zehar-galderak berez aski baitu bukaerako -(e)n menderagailua); indargarri gisa ezartzen da. Badirudi perpausaren luze-laburrak ere baduela zerikusirik horretan.

Galdetzera noa (ea) norbait azaldu den.

Galdetu zuen berehala ea nori emango zitzaion hura egiteko kargua.

Bai/Ez erako (1) (eta horiekin bereziki) zein zatizko (2) zehar-galderetan erabil daiteke.

(1) Anderri galdetu zion (ea) aitajaun izango zen bere ezkontzan. Azter dezagun (ea) denbora ongi baliatu duen.

(2) Ikus dezagun (ea) nor etorri den. (Ea) zergatik egin duen hori jakin nahi nuke.

Aditz batzuekin ohikoa da ea erabiltzea (galdetu, nahi izan, behar izan...), baina ez hala beste batzuekin (ahantzirekin, adibidez, edo ikusi eta jakinekin iraganean, esaterako). Horiekin perpaus aski traketsak gertatzen dira ea sartuz gero.

Ea nor nintzen galdetu zidaten.

*Amonari beti ahanzten zaio EA zenbat urte dituen.

*Berehala ikusi nuen EA zenbatek erantzun zidan ongi.

*Berehala jakin nuen EA zenbatek erantzun zidan ongi.

Baina egokiak dira perpaus jokatugabeetan: Herrira hurbilduak ginen, jakiteko ea zergatik ari zen urritzen ura. Zoaz horra, ikusteko ea hor ere ondo moldatzen zaren.

-(e)n atzizkia da normalean aditzari lotu ohi zaiona, -(e)netz ere bai ( -(e)netz/-(e)nentz), eta estandarrean horiek erabiltzea da onena.

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (2016). Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia (ea sarrera).

—(1994-2012). Arauak. Bilbo: Euskaltzaindia. (115. araua).

—(1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (101-106).

—(2002). "Ea partikula zehar-galderetan", Jagonet galde-erantzunak.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper