adjektibo erreferentziala

adjektibo erreferentziala

Adjektibo-mota bat da adjektibo erreferentziala. Hala esaten zaie izen batetik eratortzen direlako, haien jatorrian izen bat dagoelako. Erdaretan, ohikoak dira metro/métro > métrico/métrique; átomo/atome > atómico/atomique; nuclear/nucléaire; renal/rénale; manual/manuel(le). Adjektibo horiek euskaraz modu batera baino gehiagotara eman daitezke:

a) izen-elkarketaren bidez (sistema nervioso / système nerveux > nerbio-sistema)

b) izenondo modura (sistema métrico / système métrique > sistema metriko)

c) joskeraz baliatuz (estructura pétrea > harrizko egitura)

 

a) Euskaltzaindiak 1995ean emaniko arauak [25. araua], izen-elkarketaren bidea lehenesten zuen: trabajo manual / travail manuel> eskulan, semana cultural / semaine culturelle > kultur(a)(-)aste,  día lectivo / jour de l'école > eskola(-)egun... Modu erabilgarria eta naturala da askotan elkarketarena, baina ez da praktikoa aldi oro.

b) Batzuetan, egokiagoa da erdal adjektiboa maileguan hartzea. Izan liteke hura elkarketara moldatzea erraza ez delako edo erlazioa urrun sumatzen delako (energía nuclear / énergie nucléaire > ?nukleo-energia / energia nuklear; central nuclear / centrale nucléaire > *nukleo-zentral / zentral nuklear; edo izan liteke mailegutza erosoagoa eta erabilgarriagoa delako. Horixe ari da gertatzen, esaterako, -iko bukaerako adjektibo erreferentzial nazioartekoekin, zeinen alde egiten duten estilo-liburu batzuek (kimiko, fisiko, politiko, historiko, artistiko, aerodinamiko, aeronautiko, afoniko, akademiko, akustiko, alergiko, alfabetiko, automatiko, elektroniko...). Era horretako adibide asko daude Euskaltzaindiaren Hiztegian bertan: osasun publiko, arazo publiko, mundu fisiko, eleberri historiko, itzulpen automatiko... Adierazgarria da, berbarako, ekonomiko sarrerako adibideak ikustea: egoera ekonomikoa: ekonomiaren egoera; arazo ekonomikoak: ekonomia(-)arazoak.

Maileguzko izenondoaren aukera egiten bada, kontuan hartzekoa da hura izenaren eskuinetik eman behar dela beti: *sozial arazo (> arazo sozial, gizarte(-)arazo); *sindikal arlo (> arlo sindikal, sindikatu-arlo / sindikalismo (-arlo) / sindikatuen arlo); *burokratiko arazo (> arazo burokratiko). ( -al hitz-bukaerakoa)

c) Joskeraz baliatzea ere egokia izan liteke zenbaitetan: afecto materno / affection maternelle > amaren maitasun, decisión presidencial / décision présidentielle > lehendakariaren erabaki, estudios universitarios / études universitaires > unibertsitateko ikasketak, hilo dental / fil dentaire > hortzetako hari...

 

Gehiago jakiteko

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (85-86).

ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal Estilo Libururantz. Bilbo: UPV/EHU (145-155).

ZENBAITEN ARTEAN (2009). IVAPeko estilo-liburua. Gasteiz: HAEE-IVAP (155-156).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper