1. Izenordain indartuen genitiboarekin osatzen dira egitura bihurkari edo erreflexiboak ; : nik neure (*nire) burua, zuk zeure (*zure) burua, hark bere burua, guk geure (*gure) burua(k)... Andonik bere burua hil du. Ezingo dugu geure burua horretara behartu. Ni neure buruarekin nagon haserre, ez hirekin. Bestelakoa da honako beste esaldi hau, hor ez baitago egitura bihurkaririk: Nire buruak ziba batek baino jira-buelta gehiago eman zituen.
2. Subjektu plurala duenean ere singularrean erabiltzen da nagusiki burua (geure buruari, zeuen buruari; Geure buruaren jabe gara), baina pluralean ere zilegi da: Ezingo ditugu geure buruak horretara behartu. Geure buruen jabe gara.
3. Singularrean beti da bere, eta pluralean bere zein beren, biak (eta euren, jakina) dira zilegi . Hala ere, anbiguotasunak saihestearren, egokiena pluralean beren (edo euren) erabiltzea da. Ispiluan begiratu zion bere buruari luzaroan. Marinelek kareletik bota zuten beren/euren burua.
4. Aditza du erregistrokoa erabiltzen da. Ez dira, beraz, egokiak gero eta sarriago entzuten diren honako esaldi hauek eta antzekoak :
?Asko gorrotatzen naiz (> Asko gorrotatzen dut neure burua).
?Sarritan ikusten gara egoera horretan (> Sarritan ikusten dugu geure burua egoera horretan).
Dena dela, batzuetan, aditzak da erregistroa onartzen du, orraztu, garbitu, aurkitu eta antzeko aditzekin:
Orraztu naiz / Garbitu naiz / Bakarrik aurkitzen naiz.
Baina okerrekoak dira beste hauek (aditzak du behar du):
*Garbitu zara aurpegia? (> Garbitu (al) duzu aurpegia?).
*Galtza berriak erosi naiz (> Galtza berriak erosi ditut).
*Apunteak etxean ahaztu naiz (> Apunteak etxean ahaztu zaizkit/ditut).
5. Neure buruan pentsatu ala neure buruarengan pentsatu? Datuen arabera, bi egiturak zuzenak dira, eta maiz ageri dira euskal literaturan: nork bere buruan pentsatzen zuelarik, bere burura erakarriko duela kaltea... / gaixoa bere buruagan pentsatzen, bere buruaganako amodioa, bere buruagan fidatua aurkitu...
6. Bada bestelako arazorik ere genitibo bihurkarien inguruan, batez ere hirugarren pertsonaren jokoan (gaztelaniazko su adjektibo posesiboak areagotua): noiz erabili behar da bere?, noiz haren? Jo sarrera honetara: : nire/neure; haren/bere.
EUSKALTZAINDIA (1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (62-63 (+47)).
—(1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (67. or. eta hur.).
—(2016). Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia (buru iz., 13. adiera).
— “Lexikoa: buru (neure burua, zeure burua, bere burua, beren burua/euren burua)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (105-106).