aditzaren aspektua eta kalkoak

aditzaren aspektua eta kalkoak

Aditzaren aspektuak aditz-ekintza bat burutua den ala ez adierazten du. Hiru aspektu-mota bereizten dira, aditz nagusiaren forma zein den: burutua (jan du), burutugabea (jaten du) eta gertakizuna (jango du). Bada puntukaria (→ eranskinak/glosarioa (puntukaria)) deiturikoa ere (hots, adizkiak markatzen duen ekintza momentu horretan gertatzen dela adierazten duena), aditz trinkoei buruz ari garela. ( aditz trinkoak (sintetikoak))

 

Erdararen eraginez, baztertzekoak diren joera desegoki batzuk ari dira zabaltzen azken urteotan. Hauek bereziki:

a) Ez da zuzena, etorkizuneko kontuez ari garela (planak egitean, aginduak ematean, mesedeak eskatzean...), aspektu burutugabea erabiltzea gertakizunekoaren ordez (edo bestelako molde bat erabili ordez): *Gauean, joaten gara zinemara? (> Gauean, zinemara joango (al) gara? / Zer iruditzen zaizu gauean zinemara joaten bagara?). *Ematen didazu liburua? (> Emango (al) didazu liburua?). *Zer, hasten gara lanean? (> Zer, hasiko (al) gara lanean?). *Zer egiten dugu orain, andereño? (> Zer egingo dugu orain, andereño?). *Esaten diozu, mesedez, gero joango naizela? (> Esaiozu, mesedez, gero joango naizela / Esango (al) zenioke/diozu, mesedez, gero joango naizela?).

b) Ez da zuzena agintera-modu batzuetan aspektu burutugabea edo puntukaria erabiltzea gertakizunekoaren ordez: *Goaz? (> Joango (al) gara?). *Bueno, zer, goazen? (> Joango gara?). Baina Bueno, zer, ba al goaz? zuzena da, beste esanahi batekin.

c) Desegokia da latin-hizkuntzen aukera estilistikoa den ‘orainaldi historikoa’ modu kalkatuan erabiltzea. Aspektu burutua dagokie horrelakoei euskaraz: *1955ean jaiotzen da (> 1955ean jaio zen / jaioa da). *1964an sortzen da elkartea (> 1964an sortu zen / sortua da elkartea).

d) Ez da egokia ‘geroaldi historikoa’ delakoa erabiltzea, iraganean ari delarik. Aspektu burutua dagokie horrelakoei euskaraz: ?Hurrengo urtean elkarte bat sortuko du, eta, laster, lehendakari-kargura iristen da (> Hurrengo urtean elkarte bat sortu (zuen), eta, laster, lehendakari-kargura iritsi zen). ?Garai hartan Urruñan bizi zen gurasoekin; handik gutxira Beskoitzera esposatuko da (> Garai hartan Urruñan bizi zen gurasoekin; handik gutxira Beskoitzera esposatu zen).

e) Mesedeak-eta eskatzean, desegokia da ahalera erabiltzea, aspektu gertakizuna erabili beharrean. *Ireki diezadakezu? (> Irekiko didazu?). *Eman diezagukezue giltza, mesedez? (> Emango (al) diguzue giltza?). ( ahalera eta kalkoak)

f) Aspektuaren esparrukoak ez badira ere, berariaz aipatzekoak dira honako kalko hauek:

• Gerta litezkeen gertakari hipotetikoak aipatzeko, iragana erabiltzea hipotetikoaren ordez. *Gustatuko zitzaidan Kubara joatea (> Gustatuko litzaidake Kubara joatea). *Oraintxe bertan txuleta eder bat jango nuen (> Oraintxe bertan txuleta eder bat jango nuke). ( iragan-geroa aditzaldia)

• Aditz deklaratibo deituak —esan, aipatu, adierazi, komentatu, gogoratu...— modu ez-jokatuan erabiltzea: *Azkenik, esan, jokalariek... ( esan)

Euskaltzaindiak horri buruz ezer arautu ez badu ere, komeni da espresuki zehaztea euskal literatura-tradiziokoak direla, eta, beraz, egokiak, aspektuaren jokamolde hauek:

a) -t(z)en forma burutugabearen erabilera puntukaria (zein geroaldikoa):

• Halaxe darabilte aditz trinkorik ez duten aditzek (‘oraintxe’ dela uler bedi adibideetan): Sukaldetik entzuten dut autobideko zarata. Ezagutzen dut Koldo. Ñabardurak ñabardura, aditz trinkoa dutenek ere badarabilte molde hau: Leihotik dakusat / ikusten dut txoria.

• Filmak-eta kontatzean ere, modu nahasian erabiltzen ditugu trinkoa eta burutugabea, balio berarekin: “Mutila hasieran zalantzan dago. Gero, neskarekin ezkontzen da, baina ez da lasai geratzen... Badoa...”.

• Geroaldia adierazteko ere erabiltzen da -t(z)en: Bihar ezkontzen da Urlia. Datorren astean jubilatzen naiz. Halakoetan, etorkizuneko gertakaria hitz egiten ari den uneari lotuago agerrarazteko-edo erabiltzen da, gertakari bakanak, eta ez maiz gertatzekoak, adierazten duten aditzekin. Dena dela, ez da noiznahi erabiltzekoa. Arestian esan bezala, esaterako, *Zer, joaten gara eta galdetzen diogu ea gurekin etorri nahi duen? (> Zer, joango gara eta galdetuko diogu...) gisakoak erdaratik kalkatutako egiturak dira, eta ez dira orain arteko euskaran erabili.

b) Aditz trinkoen erabilera ez-puntukaria:

• Orainaldiaren balioan (gertakari jarraituak edo errepikatuak direnean edo denbora jakinik gabeko gertaerak direnean, hala nola atsotitzetan): Egunero dakarte zerbait. Jandalo gure txakurra beti dago lo. Bide laburra du gezurrak.

• Geroaldia adierazteko (batez ere, denbora-hurbiltasuna, etorkizuneko gertakaria hitz egiten ari den uneari lotuago agerrarazteko nolabait): Zergatik ez zoaz salto batean dendara...? Bihar mendira noa (joango naiz ere bai, jakina). Ostiralean dator Mikel (edo etorriko da). Datorren astean datoz (etorriko dira) atea konpontzera. Bizkaiko Bertsolari Txapelketak bihar du (izango du ere bai) lehen finalaurrekoa.

 

ETORTZEN/ETORRIKO DENEAN; EGITEN/EGINGO DUENEAN.Nola behar du: Laguna etortzen denean’ ala ‘Laguna etorriko denean’ emango dizut? Horrelakoetan, mendeko perpausa forma burutugabean (-t(z)en) joatea da ohiko moldea tradizioan, eta egitura hori da hobestekoa; esaldi nagusiak ematen die geroko balioa horrelako perpausei: Patxi iristen denean hasiko gara bazkaltzen. Filma amaitzen denean, joan zaitez ohera. Nahiz formaz berdinak izan, edozein euskaldunek daki bereizten ‘Donostiara etortzen denean gure etxean bazkaltzen du’ eta ‘Donostiara etortzen denean esango diot’.

 

Euskalki batzuetan, nolanahi ere (Iparraldekoetan batik bat), geroaldia ere erabili ohi da: etorriko denean, egingo duenean eta abar: Eneganat etorriko zarenean, ene barne guziak bozkarioz gaindi eginen du.

 

Gogoraraztea komeni da, bestalde, perpaus bikoteok zilegi eta baliokideak direla: ‘etortzen denean, dirua emango digu’ / ‘etor dadinean, dirua emango digu’; ‘Piarres bera jaisten denean, joango naiz’ / ‘Piarres bera jaits dadinean, joango naiz’. Euskaltzainburuak hala egokiets dezanean / egokiesten duenean, bilera eten edo amaitutzat jo dezake. ( banadi / badeza; baledi / baleza)

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI (EGLU VI). Bilbo: Euskaltzaindia (80).

—(1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (376, 418-423).

— “Aditzaren jokabidea: aspektua (sartzen zuen / sartu zuen, joaten gara / joango gara)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Denbora adieraztea: -nean (etorriko denean, egingo duenean)”, Jagonet galde-erantzunak.

GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (52-61).

ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (315-316).

SARASOLA, Ibon (1997). Euskara batuaren ajeak. Irun: Alberdania (225).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper