Aditz perifrastikoetako aditz nagusiak lau molde (edo aditz-izenki) ditu, eta horietako bat da aditz-izena: aditz-partizipioa (etorri, aztertu, hil, esan) ; aditzoina (etor, azter, hil, esan) ; aditz-izena (etortze, aztertze, hiltze, esate) eta etorkizunekoa (etorriko, aztertuko, hilko, esango).
ADITZ-IZENAREN FORMA. Aditzoinari -t(z)e erantsiz lortzen da aditz-izena: jasotze[n], etortze[n], jaikitze[n], jate[n]... . Euskaltzaindiaren Hiztegian berariaz dator emana aditz-izena, aditz bakoitzaren sarreran, aditzoinaren ondoren, inesibo mugagabean; hau da, -n letraz amaitua. Adibidez: etorri: etor, etortzen; aztertu: azter, aztertzen. (Aditz-izen batzuk sarrera ere badira, bestalde; gehien erabiltzen direnak dira, hala nola abiatze, faltatze, mailakatze, nekatze, saiatze, zabaltze eta abar).
Oro har, -tzen forma da molde nagusia: laguntzen, jasotzen, hiltzen, deklaratzen, botatzen, betetzen, zapaltzen... Baina -ten erabiltzen da hiru kasutan:
- partizipioa -n letraz amaitzen duten aditzetan: eteten, irteten, izaten, egoten, jaten, esaten, erraten... (*irtetzen, *jardu(n)tzen...)
- aditzoina kontsonante txistukariz (s, z) amaitzen dutenetan: (ikas >) ikasten, (utz >) uzten, (gutxiets >) gutxiesten, (ahantz >) ahanzten, (has >) hasten, hazten, hezten, hesten, hausten, lazten, etab. (*utzitzen, *hasitzen...)
- aditz arazleetan, (araz >) -arazten egitea baitagokie beti: (emanaraz >) emanarazten, (pentsaraz >) pentsarazten, etab.
Ekialdeko euskalkietan ohikoa den -i- tartekatua (egoiten, izaiten, erraiten, etab.) ez da batasunerako gomendagarria. Ukaiten da salbuespena. (EH (ukan sarrera); 85. araua, «Adizki perifrastikoetako adizki nagusiaren forma»)
ADITZ-IZENA ETA MENDERAKUNTZA. Aditz-izena menderakuntza-bide aberatsa du euskarak; giltzarri ezinbestekoa du perpaus jokatugabeak osatzeko: Ogia erostera joan da. Alkohola edateak ez du onik egiten. Etortzean esango dizut. Bi liburu eman dizkit irakurtzeko, etab. EGLU saileko zazpigarren liburukiak aztertzen ditu halakoak.
ADITZ-IZENAREN JOKAMOLDE BATZUK
- Aditz nagusia zein, osagarritzat duen aditz-izenaren jokamoldea ezberdina da:
Mendira joatea gustatzen zait. (zer egitea? zer?)
Badakit euskaraz hitz egiten. (zer egiten? zertan?)
Mendira joatera behartu nau. (zer egitera? zertara?)
Gai naiz hori egiteko. (zer egiteko? zertarako?)
Aditz-izenaren osatze hori egoki ez zaintzea da honako esaldi hauen akatsa:
*Mendira joan gustatzen zait (> Mendira joatea gustatzen zait).
*Badakit euskaraz hitz egin (> Badakit euskaraz hitz egiten).
*Gitarra jotzea erakutsi dit (> Gitarra jotzen erakutsi dit).
- Perpaus nagusiko subjektua eta mendeko perpausekoa erreferentziakide direnean (subjektua bietan bera denean), formarik hedatuena partizipioa erabiltzea da, ez aditz-izena: Nik lana egin nahi dut (?Nik lana egitea nahi dut). Subjektuak ezberdinak direnean baliatzen da aditz-izena: Nik zuk lana egitea (= egin dezazun) nahi dut.
- Badira euskalkien araberako aldaerak ere. Esate baterako, bizkaieraz bazkaltzen noa esan ohi dena bazkaltzera noa esaten da gainerako euskalkietan. Antzera gertatzen da beste kasu batzuetan ere, nahiz beti ez den hain erraza euskalki-banaketa egitea; oro har, -t(z)era sarriago erabiltzen da ipar-ekialdekoetan: eskatzera ausartu, eskatzen ausartu; joatera utzi, joaten utzi; ikustera bildu, ikusteko bildu...
- Formarekin batera, esanahia ere aldatzen da batzuetan; esate baterako, ahaztu aditzarekin: Ahaztu egin zait makinaz idazten (lehen banekien; orain, berriz, ez) / Ahaztu egin zait makinaz idaztea (idatzi behar nuen, eta ez naiz oroitu).
- Bestelako ñabardura batzuk ere badira: Zaila da basakatuak ikustea (ez da erraza hori gertatzea; ez da sarri ikusten) ≠ Basakatua zaila da ikusten (ezaugarri hori du, besteak beste, basakatuak). Edota: Nik zu mendira joatea nahi dut ≠ Nik mendira joan nahi dut.
ADITZ-IZENA ETA KOMUNZTADURA
Ez dira zuzenak *Agiriak ekartzea ahaztu zaizkit eta gisako esaldiak (> Agiriak ekartzea ahaztu zait).
Horrelakoetan, objektu plurala aditz-izenarena da (ekartzea... agiriak), ez aditz nagusiarena. Aditz nagusiaren objektua aditz-izenaren ekintza —singularrean doa— eta haren osagarriak dira (ahaztu... ekartzea). Akats bera du esaldi honek ere: *Informatikako programa horiek badakizkit erabiltzen (> Badakit informatikako programa horiek erabiltzen).
EUSKALTZAINDIA (1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (29-30, 96-109).
—(2011). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII (EGLU VII). Bilbo: Euskaltzaindia.
— “Aditzaren jokabidea: nahi/nahiago izan (egin/egitea)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: izan (lehenbiziko gauza da ikasi/ikastea)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (70-71).