ADIERAK. a) Tradizioan, herritar-izenak osatzeko erabili da gehienbat atzizki hau: debar, bilbotar, gasteiztar, usurbildar, dimoztar... Herriei ez ezik herrialdeei eta kulturei ere erantsi zaie, Erromatar Inperio eta txinatar kultura modukoetan. b) Joera adierazteko ere baliatu izan da: berantiar, ezkertiar, eliztar... c) Euskara zientifiko-teknikoan, berriz, honelakoak sortu dira: hamartar, angeluar, kartesiar...
KOKALEKUA. Erabileran egindako bidea islatu da 178. arauan. Jatorria adierazten duten kasuetan (debar, bilbotar...), bi aukerak zilegi izanik ere —txinatar kultura zein kultura txinatarra—, oro har, izenaren aurretik jarri ohi dira izen bizidunekin (lapurtar idazleak, azpeitiar medikua...), bai eta bestelako izenekin ere NONGOtasuna nagusi denean, hala nola: Europar Batasuna, Britainiar uharteak, Dinariar Alpeak..., baina izenaren ondotik joan ohi da NOREN dagoenean esanahiaren atzean, hala nola Kongo Belgikarra edo Sudan Anglo-egiptoarra. NOLAKO esan nahi duenean ere eskuinetik: dantza espainiar, jatetxe txinatar (alegia, jatetxe txinatarrak esatean, ez dira adierazi nahi Txinako jatetxeak, sukaldaritza mota jakin bat erabiltzen duten edonongo jatetxeak baizik). Molde berean ulertu behar dira hauek ere: borroka greko-erromatar, musika afro-brasildar, eliza greko-errusiar...
Hizkera teknikoan, eskuinetik erabiltzeko ohitura nagusitu da: zenbaki hamartar, sistema bitar, logaritmo nepertar, abiadura angeluar, diagrama kartesiar... Joera adierazten duten -(t)ar izenondoak ere, eta hedaduraz sorturiko deskribatzaile berriak (NOLAKO baitira, azken batean), eskuinean ematen dira: olerkari goiztiar, diagnostiko berantiar...
FORMA. Forman ere badira zalantzak, eta hiztegiz finkatzekoak dira asko eta asko. Esate baterako, herritarren izenetan, -ar izanik ere nagusia, badira bestelakoak ere (usurbildar, berangoztar...); herritarren izenez bestelakoetan, -tiar aldaera ageri da hitz batzuetan eta -tar beste batzuetan: goiztiar, bazkaltiar eta erregetiar datoz Euskaltzaindiaren Hiztegian, baina eliztar, zerutar, pasiotar...
ERABILERA OKERRAK. Erabilera desegokiak dira *eibartar kaleak eta *bilbotar auzoa modukoak, erdaren bide arrunt bati itsu-itsuan jarraikiz eratuak. Lekuari erreferentzia egiten diotenez, euskarazko adierazpide normalak Eibarko kaleak eta Bilboko auzoa dira. Berdin gertatzen da honelakoekin ere: *valentziar laranjak (Valentziako laranjak).
Bestalde, -ar atzizkia leku-izenari eranstekoa denez, ez dira egokiak leku-izenaren zati bati, erdal herritar-izenari edo erdal herritar-izenaren parte bati euskal atzizkia erantsita lortzen diren hibridoak. Desegokiak dira gorriz datozenak: *belgiar (belgikar), *europear (europar), *egipziar (egiptoar), *israeliar (israeldar), *kanadiar (kanadar), *katalandar (katalan), *kuwaitiar (kuwaitar), *pakistaniar (pakistandar), *vietnamiar (vietnamdar)...
Hizkuntzari erreferentzia egiten zaion kasuetan, -zko atzizkia da egokia eta zuzena (italierazko literatura), italiar literatura (jatorria) eta Italiako literatura (tokia) moldeen aurretik. Aipatzekoa da, azkenik, erdal adjektibo erreferentzialen kalko desegokia egiten dela zenbaitetan -(t)ar atzizkiarekin . Aukera egokia denean hitz-elkarketa, edo izenlagunez osaturiko sintagma, halako formetara jotzea da egokiena: *batasun lurraldetar / lurralde-batasun; *auzitegitar mediku / auzitegi-mediku, auzitegiko mediku.
IZEN BEREZITIKO ADJEKTIBOEN IDAZKERA. Herritarren izenak letra xehez idazten diren bezala —getariar, bermeotar...— eta orobat euskal herritarren izenak —arabar, bizkaitar... —, berdin idazten dira xehez abizenetatik-eta eratorritakoak: oñaztar, lasatar, etxeberriatar, olaizolatar...
Letra xehez idazten dira dinastien izenak ere [182. araua]: borboiak, estuardotarrak, grimalditarrak, savoiarrak...
EUSKALTZAINDIA (1994). LEF batzordea, “Eratorpenaz: -ar / -tar, -dar”, Euskera 39, 3: 1044-1045.
— “Jatorria adieraztea: -ar, -tar, -dar, -oztar”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Jatorria adieraztea: -ar/-tar (txinatar kultura / kultura txinatarra)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Jatorria adieraztea: -ar/-tar/-dar, -ztar; -ko (espainiar filologia/literatura)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (155-156).
ZENBAITEN ARTEAN (2005). Onomastika. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (29).
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (237-241).
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "-AR atzizkia: atzerriko herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak", Ehulkuren aholku guztiak.