Subjuntiboarekin erabiltzen den menderagailu nagusia -(e)n da, eta predikatu batzuekin baizik ez da erabiltzen -(e)la: batez ere, eskaera edo agindua adierazten dutenekin, eta noiz edo behin nahia adierazten duten predikatuekin. Iparraldean, predikatu gutxitan baliatzen da -(e)la: agindua adierazten duten batzuetan, eta ez beti.
Komeni da gogoratzea, bestalde, subjuntiboa ez dela ezinbestekoa izaten askotan. Are gehiago: Hegoaldean, esaterako, ohikoagoa da subjuntibo-perpausak erabili ordez haien pareko perpaus jokatugabeak erabiltzea, batez ere ahozko moldean (ikus hemen beheko lehen ataleko adibideak).
Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik eman kontu honetaz, baina gramatika deskribatzaileek zehatz jasotzen dute gaia.
Eskuarki -(e)n hartzen dute honelako predikatuek:
• iritzi-jarrera adierazten dutenek (normala izan, beharrezko izan, ondo iruditu, beldur izan... aditzekin). Egokiena da bakoitzak behar duenaren araberako soldata har dezan (= hartzea). Normala al da lehendakaria beti gizonezkoa izan dadin (= izatea)?
• nahia edo desioa adierazten dutenek (nahi(ago) izan, opa izan...); mendebaldean inoiz -(e)la ere agertzen da halakoetan. Neuk ere nahiago dut gezurra izan dadin (= izatea). Eta hau jazo dadin (= jazotzea) gura duzue zeuon kontzientzietan? // Lagunak Aramaiora joan daitezela (= joatea) gura dut.
• helburuzko zentzua duten subjuntiboek: Ahaleginak egingo ditugu berdin joka dezan (= (hark) berdin jokatzeko) (*joka dezala).
• debekatu eta galarazi aditzek, utzi aditzak eta gonbidatu aditzak. Utz nazazu zure bularrean burua pausa dezadan (= pausatzen, pausatzera).
• -t(z)e aditz-izena ager litekeen tokian doazen subjuntiboek: etor dadin lortu (= etortzea lortu), ezaguna izan dadin erdietsi (= ezaguna izatea erdietsi)...
Bietarik erabiltzen da:
• eskaera edo galdea adierazten dutenetan (Hegoaldean, maizenik eskatu erabiltzen da -(e)la osagarriarekin, eta Iparraldean, berriz, galdatu eta galdegin, maizenik -(e)n osagarriarekin. Ekar dezala eskatu diot. Galdatzen diot hori egin dezan.
• agindua edo debekua adierazten dutenetan (Iparraldean nagusiki manatu, -(e)n osagarri duela, eta Hegoaldean maizenik agindu, -(e)la osagarriarekin). Manatu zenidan begira nezan/nezala. Amak agindu dit etxera joan nadila / joan nadin.
-(e)la erabiltzen da aditz nagusitik bereiz bezala perpaus lokabeen antza hartzen dutenetan: Onenak irabaz dezala. On dizuela. Hil nadila hala ez bada.
EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (136-145).
— “Aditzaren jokabidea: subjuntiboa (eskatu, agindu, gomendatu, proposatu, aholkatu …dadila /dadin)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: agindu (isil gaitezela/isil gaitezen agindu digu)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: subjuntiboa (opa diogu zeruan goza dadila / goza dadin)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: subjuntiboa eta -tzeko (gogoratzeko / gogora nadin / gogora nadila esatera etorri)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: subjuntiboa eta –tzeko (agindu dizut isilik egon zaitezen / isilik egoteko)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (202).