Egin aditzaren adizki trinkoei dagokienez, forma desberdinak dira dagit (nik) eta degit (hark niri). Beraz, jaten ari denari esaten zaion jendetasunezko formula On degizula! da —edo On deizula!, ahozko moldean, bokalarteko -g- galduta— (edo, jakina, On egin! soila, edo aditz laguntzaile eta guzti: On egin diezazula!), baina ez *On dagizula. Bide beretik osatu behar dira, beraz, beste hauek eta gisakoak ere: Egun on de(g)iala/de(g)inala/de(g)izula/de(g)izuela! [Euskal Aditz Batua].
Euskaltzaindiaren Hiztegikoak dira esaldi hauek (eta molde fosildu horietan egin aditzaren erroa -i- baino ez da): Jainkoak gabon dizuela. Jainkoak egun on dizuela, entzule maitagarriak. [Euskal Aditz Batua; EH]
Egin aditza dela eta, antzeko nahastea gertatzen da beste formula honekin ere: Zin dagit (nik) eta Zin degizut (*Zin dagizut) (nik zuri) dira forma zuzenak.
EUSKALTZAINDIA (1987-2005). Orotariko Euskal Hiztegia. (probetxu on sarrera). Bilbo: Euskaltzaindia.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (204).
ALTUNA, Patxi, AZKARATE, Miren (2001). Euskal morfologiaren historia. Donostia: Elkar (148).