Soka horrek bost metro neurtzen du/ditu vs Soka hori bost metro luze da eta kideko joskeren artean Euskaltzaindiak bigarren moldea hobesten du [EH]. Beste hauetan ere bigarrenak hobesten dira:
• Lau metro neurtzen du/ditu. ǁ Lau metro luze (zabal, sakon) da.
Lau metroko luzera (zabalera, sakonera) dauka. ǁ Lau metro da luzean/zabalean/luze-zabalean.
• Sugeak 58 cm neurtzen du/ditu. ǁ Sugea 58 cm luze da.
Sugeak 58 cm ditu. ǁ Sugea 58 cm da luzean. Sugea 58 cm da.
Tradizioan, pisatu eta neurtu aditzek ez dute bide bera egin.
Batetik, neurtu aditzak ‘zerbaiten luzeraren, azaleraren, bolumenaren edo kopuruaren balioa zehaztu’ esan nahi du, eta pisatu aditzak ‘zerbaiten pisua zehaztu’ esan nahi du. Beraz, kidekoak dira adiera horretan.
Bestetik, pisatu aditzak badu beste adiera bat: ‘pisu jakin bat izan’. Gizonak pisatuko zituen laurogeita zortzi bat kilo.
Neurtu aditzak, berriz, tradizioan ez du izan ‘neurri jakin bat izan’ adiera; hau da, haurrak laurogei zentimetro neurtzen ditu gisakorik ez dago euskararen tradizioan. Horregatik eman du Euskaltzaindiak gomendio hori.
EUSKALTZAINDIA (1994). “Gramatika batzordearen II. Okerrak zuzenduz”, Euskera, 1994, 3: 935-937, 1023-1031.
— “Kuantifikazioa adieraztea: neurtu, pisatu (bi metro luze da, bi kilo pisatzen ditu)”, Jagonet galde-erantzunak.
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (347).
SARASOLA, Ibon (1997). Euskara batuaren ajeak. Irun: Alberdania (147).