Desegokia da *merkatal hitza erdarazko comercial, mercantil (es) eta commercial (fr) adjektibo erreferentzialek adierazten dutena adierazteko. Aukera egokiak bi dira: merkataritza izena, elkarketan, eta komertzial adjektiboa.
Merkataritza- aukera finkatua da honelakoetan: merkataritza-zentro, merkataritza-gune , merkataritza-ganbera, merkataritza-zuzenbide... Baztertzekoak, beraz, *merkatal zentro, *merkatalgune, *merkatal ganbera, *merkatal zuzenbide...
Komertzial adjektiboa ere egokia da behar denerako. Euskaltzaindiaren Hiztegian, adibide hauetan ageri da: irizpide komertzial, iragarki komertzial, film komertzial... Horietako batzuetan merkataritza- ere aukeran egon liteke (merkataritza-irizpide...), baina denetan ez (film komertzial bat, adibidez, ez da merkataritza-filma).
Merkatalgo izena (‘merkataritza’) jasoa dago Euskaltzaindiaren Hiztegian, baina bigarren mailakoa da merkataritza hitzaren aldean. [25. araua; EH] ;
EUSKALTZAINDIA. “Hitz elkartuak: (merkataritza-zentroa / *merkatal zentroa)”, Jagonet galde-erantzunak.
SARASOLA, Ibon (1997). Euskara batuaren ajeak. Irun: Alberdania (232).