Merezi izan aditzaren osagarria aditz-izen bat denean (joatea, ikustea, egitea) absolutiboa (NOR kasua) da erabiltzekoa, eta ez ergatiboa (NORK). Joatea merezi du / *Joateak merezi du. Ikastea merezi du / *Ikasteak merezi du. Merezi du Euskal Herria ondo ezagutzea / *Merezi du Euskal Herria ondo ezagutzeak.
Esaldi horietako aditz-izena (joatea, ikastea, ezagutzea) merezi izan aditzaren osagarri zuzena da, ez subjektua; merezi izan aditzaren erabilera inpertsonala dago hor. Beste hauetan, aldiz, ergatiboan (NORK kasuan) doa aditz-izena ez den subjektua: Iñaxiok ez du merezi. Hark hiltzea merezi du. [31. araua, «Ekartzea merezi du»; EH]
Zalantza eragin lezaketen esaldiak ere badira: ?Arestian aipatutakoak, Donostiako Parte Zaharrera joateak, merezi du. Arestian aipatzen den irizpidearen arabera, perpaus hori erabili nahi izanez gero, honelako zerbait da gomendatzekoa: Arestian aipatutakoa egitea, Donostiako Parte Zaharrera joatea, merezi du.
*PENA MEREZI DU. Erdarakada nabarmena da; aski da merezi du esatearekin. *Ez du pena merezi hori egitea (> Ez du merezi hori egitea). *Pena merezi du lanean saiatzea, gauzak txukun egiteko (> Merezi du lanean saiatzea, gauzak txukun egiteko).
EUSKALTZAINDIA. “Aditzaren jokabidea: merezi du egitea/egiteak*”, Jagonet galde-erantzunak.
HAEE-IVAP (2000). Zalantza-dantza. Gasteiz: HAEE-IVAP.
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "Merezi izan", Ehulkuren aholku guztiak.