Euskaltzaindiak arautu gabeko gaia da. Hala ere, badira gizartean errotuz joan diren zenbait ohitura:
1. Ez da marratxorik erabiltzen:
• sigletan: ETBko; AEBra
• laburduretan: *jn.-ri, *and-ri, *iz.-ren (jaunari, andreari, izenaren)
• euskarazko izenetan (eta euskarara moldatutakoetan): *Asteasu-ra (Asteasura); *Zarautz-etik (Zarauztik, Zarautzetik); *Mikel-i (Mikeli); *Amaiur-en (Amaiurren); *Andaluzia-ra (Andaluziara); *Zipre-tik (Zipretik)
• zifretan: *urtarrilaren 2-tik 5-era (2tik 5era) ; *% 10-eko beherapena (% 10eko) ; *arratsaldeko 18:00-etan (18:00etan)
2. Marratxoa jarri beharrekoa da:
• sinboloetan: 50 kg-ko; 5 €-an
• helbide elektronikoak eta web-orriak ematean
3. Aukerakoa da beste zenbaitetan:
Oharra: Hala ere, estilo-liburu askok eta baita Euskaltzaindiak ere [184. araua] marratxoa bigarren mailako aukeratzat hartzen dute —«erabilgarri eta lagungarria da izena ezezaguna denean edo lehen aldiz aurkezten denean»—; lehen aukeran, lotuta.
• erdal hitz eta izenetan: Appleren/Apple-ren; Shakespeareren/Shakespeare-ren; Lafitteren/Lafitte-ren; croissanta jan / croissant-a jan; chantillyarekin atondu / chantilly-arekin atondu; zappinga egin / zapping-a egin... ; ; ; ;
Oharra: -r letraz amaitutako izenekin sarri sortzen da zalantza. Horiek ere beste edozein izen bezala hartzea da koherenteena: Pasteurrek/Pasteur-ek, Letelierrek/Letelier-ek...; alegia, euskaraz egiten dugun moduan: Aitorrek, Igorrek...
• leku-izen edo pertsona-izen ez diren artikuluz amaitutako izen berezi batzuetan (izena eta izana bat ez datozenetan): Osasunan/Osasuna-n jokatzen du. Toki Ona(-)n bazkaldu du.
• inoiz, euskal izen berezi gutxi batzuetan, haiek nahasgarri gerta ez daitezen: Jonek esan du (Jon?/Jone?)
• letra etzana, lodia edo komatxoak erabiltzean: Geron ageri da hori / Gero-n ageri da hori. Izenordainen artean, elkarek (elkar-ek) ere arazo bera du.
• inoiz, kasu-marka lotzeak hitzaren ezagutza zaildu dezakeenean: Battzat (bat-tzat) hartuko dugu arazo hori.