a) Itsas forma bereiz idazten da landare- eta animalia-izenetan hitz-elkarte baten lehen osagai denean: itsas lore, itsas belar, itsas gaztaina...; itsas aingira, itsas arrain, itsas kabra, itsas triku...
b) Gainerako hitz elkartu berrietan, nabarmena da bereiz idazteko joera: ez bakarrik elkarketa fonetikoak eraginik (itsas hegi, itsas hondo, itsas hondar, itsas garraio, itsas haize, itsas herri...), baita loturik joateko eragozpenik ez dutenak ere: itsas armada, itsas portu, itsas milia, itsas uhin, itsas ur, itsas azpi, itsas ibilaldi, itsas arrantza, itsas energia, itsas kolpe, itsas konpas, itsas laino, itsas muga, itsas nabigazio, itsas urdin...
Hala ere, euskal hitz zaharrak loturik idatzi ohi dira: itsasadar, itsasargi, itsasbazter, itsasbehera, itsasertz, itsasgizon, itsaslapur, itsasorratz...
c) Itsaso hitza osorik idazten da izenondo batekin doanean: itsaso... hotza, zakarra, nahasia, barea, zabala, ederra, epela... Itsaso Baltikoa, Itsaso Gorria , Galileako Itsasoa, Mediterraneo itsasoa, Ipar itsasoa...
Nolanahi ere, badira hiru izenondo izenari adiera-balio jakina ematen diotenak (eta bi moldetara ager daitezkeenak idatzita): itsaso/itsas handi, itsaso/itsas zabal, itsaso/itsas erdi, es: ‘alta mar’ eta fr: ‘haute mer’ adierarekin. Izen-elkarteak dira horiek. Testuinguruak esango digu itsaso/itsas horiek noiz diren izen-elkarteko parte, noiz izenondo soil:
Itsaso/Itsas handian ibiltzeko behar diren jakingaiak ikastera (iz.) ≠ itsaso handiari begira nago.
Itsaso/Itsas zabalera atera; itsaso/itsas zabaleko arrantza (iz.) ≠ itsaso eder eta zabal honetan...
Ur-tanta itsaso/itsas erdian baino galduago (iz.) ≠ Itsaso-erdia nabigatu du.
Oharra: Bereizirik idazten den forman ez da marratxorik idazten, bukaerako letra galdua baitu —itsaso > itsas— (berdin gertatzen da beste hauekin ere: erdal, euskal, giza, burdin, arnas): *itsas-lore (> itsas lore), *itsas-arrantza (> itsas arrantza)... [EH; 25. araua]