eragin

eragin

DEFINIZIOA. Ekintzak eragileren bat duela adierazten dute aditz arazleek. Bi modutara eratzen dira: eragin (barre eragin) eta -arazi (geldiarazi) bidez [EH]. Bakoitzak bere erabilera du, eta -arazirena ( -arazi (-erazi)) berariaz arautua badago ere, ez da hala gertatzen eraginekin.

 

ERAKETA. <izena + egin> egituradun aditz-perifrasien aditz arazlea eratzeko erabiltzen da eragin aditza ( aditz-lokuzioa): barre egin > barre eragin; negar egin > negar eragin; irri egin > irri eragin; ihes egin > ihes eragin... [EH]

<izena + egin> egituradunek, gainera, -arazi arazlearekin osatzeko aukera ere badute, eta baliokideak dira hartara bi moldeak, sinonimoak baitira eragin eta eginarazi. Halatan, hitz eragin, negar eragin, ihes eragin, huts eragin eta gisakoak bezain zuzenak dira —eta baliokideak— hitz eginarazi, negar eginarazi, ihes eginarazi, huts eginarazi eta gisakoak (salbuespena *barre eginarazi da (> barre eragin)). [EH]

<izena + egin> egiturako batzuek, egin galduta, <izena + -arazi> egitura ere onartzen dute: bultzarazi, hutsarazi, ihesarazi, loarazi...; beste batzuek, ez: *hitzarazi, *lanarazi, *negarrarazi... Euskaltzaindiaren Hiztegira jo beharra dago horrelakoetan.

 

ERREGIMENA. Ohikoena dio aditza izatea da (negarra eragin zion, barrea eragin zidan...); baina du ere izan liteke (Gertaera ikaragarri hark negar handiak eragin zituen). [EH]

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA. “Aditzaren jokabidea: eragin/-arazi <izena + egin> egituretan (negar eginarazi / negar eragin…)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: -arazi (lo eginarazi / lo eragin)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Lexikoa: egin, eragin”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Lexikoa: lo eginarazi, lokarrarazi, loarazi; lotarazi”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Aditzaren jokabidea: eragin, -arazi  ”, Jagonet galde-erantzunak.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper