Akademiaren webgunearen atal erabilienak eskuko telefonoan eskura izateko, webgunea moldatu du Euskaltzaindiak. Hemendik aurrera, webgunearen bertsio arruntean ez ezik, Hiztegi Batua, Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskal Onomastikaren Datutegia Smartphone eta iPhone motako telefonoentzako egokitutako moldean ere kontsulta daitezke. Eskuko telefonotik webgune osoa ikusteko ere aukera ematen da.
Lana Euskaltzaindiaren Donostiako ordezkaritzan garatu da, Akademiaren Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) batzordearen gidaritzapean. Aurkezpena gaur, otsailaren 28an, egin da, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Alazne Gorrotxategi informatikariak eman dituzte xehetasunak.
Akademiaren webgunean egiten den bezala, www.euskaltzaindia.net helbidea idatzi beharko da sakelakoan ikusteko.
Esan bezala, lana Akademiaren IKT batzordearen gidaritzapean burutu da. Batzorde horretako arduraduna den Andoni Sagarnaren esanetan, “Euskaltzaindiak garbi dauka gaur egun gizartearekiko harremanetarako ezinbestekoa dela informazio- eta komunikazio-teknologiak erabiltzea. Azken urteotan informazio-teknologien erabiltzaileek noiznahi eta nonahi edukiak eskura izatea eskatzen dute gero eta gehiago”.
Hala, bada, gaineratzen du, “Euskaltzaindiak erabiltzaile horiei beren tresna mugikorren bitartez webguneko edukiak kontsultatzeko aukera eman nahiz, tresna mugikorretarako bertsio berria kaleratzea erabaki du”. Hori da, hain zuzen ere, Akademiak orain aurkeztu duena.
Arestian esan bezala, hiru arlo nagusi kontsulta daitezke egokitutako formatuan: Hiztegi Batua, Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskal Onomastikaren Datutegia.
Hilez hil ikusten denez, horiek dira, hain zuzen ere, Euskaltzaindiaren webgunean gehien bisitatutako edukiak. Hauek dira 2013ko datuak:
- Hiztegi Batuak 924.355 bisita izan zituen
- Orotariko Euskal Hiztegiak 508.672 bisita
- Euskal Onomastikaren Datutegiak 1.139.265 bisita
Era berean, webgunearen bertsio arruntera jotzeko aukera ere ematen da.
Hiztegi Batuak hitzen forma estandarrak biltzen ditu, “hiztegi ortografikoa” da. Euskaraz idazterakoan sortu izan den hainbat zalantzari erantzuna ematera dator, hala nola:
- Beste hizkuntza batzuetan jatorria duten nazioarteko hitzen formak (iceberg, webgune, etab.),
- Nazioartekoak izan ez arren erabilera zabala dutenenak (txupete),
- Hainbat herrialdetako biztanleak adierazten dituzten hitzenak (hegosudandar, jubatar, etab.),
- Arazo konplexuagoak izan ditzaketen forma berrienak (immunoeskasia, etab.) eta beste zenbait arazo zituztenak.
Orotariko Euskal Hiztegia obra deskribatzailea da, eta ez arauemailea, ez normatiboa. Haren xedea garai, toki eta mota guztietako euskal hitz-ondarea biltzea da. Menderik mende eta euskalkietan zehar euskaldunak nolako hizkuntzaz baliatu diren ahalik eta osokien eta zehatzen azaltzeko helburua du hiztegi honek. 2013an, OEHren hirugarren argitaraldi elektronikoa aurkeztu zuen Euskaltzaindiak.
Euskal Onomastikaren Datutegian Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen lanak biltzen dira. Lanok lau multzo nagusitan banatzen dira: deitura edo abizenak (Agirre, Etxebarria,...); ponte izenak (Eneko, Leire, Miren,...); leku-izenak, eta honetan era askotakoak: probintziak, eskualdeak, herriak, mendiak, ibaiak; eta exonimia, hots, Euskal Herritik kanpoko leku-izenak, eta honetan kontinenteak, estatuak, munduko hiriburuak, hiriak, herriak...
Ikus hemen zer egin behar den, eskuko telefonotik kontsultatu ahal izateko (PDF, 469,5 KB)