Gaur, abenduaren 19an, Euskaltzaindiak argitaratzen duen eta Bernardo Atxaga euskaltzainak zuzentzen duen Erlea aldizkariaren zenbaki berria, zazpigarrena, aurkeztu da Bilbon, Akademiaren egoitzan. Besteren artean, erbestea eta lorak, hutsuneak eta antologiak, dira zenbaki honen protagonista. Atxagaren hitzetan, "oso ale trinkoa da".
Aldizkaria eskuratzeko, sakatu hemen.
Bernardo Atxaga zuzendariarekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak aurkeztu dute aldizkaria.
Atxagak azaldu bezala, Erleak euskal idazleari, poetari, ilustratzaileari, argazkilariari... zabaldu nahi dio lehioa, “eta esan lehen mailako aldizkaria nahi dugula, berdin hemen zein han. Eta hori da helburua, lehen mailako aldizkaria egitea”.
Zazpigarren zenbakiak, ohi bezala, bi ardatz nagusi izan ditu: batetik, “kanpotik etorri zirenen seme-alabekin hitz egin nahi genuen. Batzuei eskatu nien lan bat, aldizkarian argitaratzeko”.
Bernardo Atxagak berak sinatzen duen "Objektuak" atala Antonia Manot Jon Paredes Manot "Txiki"ren amari eskaini dio, eta hori, bere hitzetan, “oso atal berezia da. Nire ustez -gaineratu du- hemen egon zen momentu bat, bi komunitateak elkartzeko aukera izugarria eman zuena, eta hori “Txiki” fusilatu zutenean izan zen. Elkarrizketak esanahi eta edertasun handia du”.
Gai horretaz ere, bakoitza bere erara, mintzatzen dira Juan Carlos Pérez, José Manuel Bujanda, Garbiñe Biurrun, Mari Romero edota Pepe Altair, besteak beste.
Zazpigarren zenbaki honen bigarren giroa “lore bat da”. Idazleak azaldu duenez, anthos hitza, grezieraz, lore esan nahi du. Antologia hitzak, beraz, lore-sorta esan nahi du. Eta hori izan da bigarren gaia, hots, antologiei espazio bat zabaltzea. Koldo Izagirreren, Asun Garikanoren, Jabier Kaltzakortaren, Lourdes Otaegiren edota Iñaki Sarriugarteren testuak atmosfera horren barruan sartzen dira.
Erlea 7 honetan partaide izan dira: Lorenzo Rojo, Karmele Jaio, Jon Benito, Jose Manuel Bujanda, Garbiñe Biurrun, Mari Romero, Alberto Barandiaran, Koldo Izagirre, Kepa Altonaga, Asun Garikano, Mikel Urdangarin, Kepa Altonaga, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Jacinto Iturbe, Lourdes Otaegi, Miguel Sanchez-Ostiz, Juan Ignacio Pérez, Jabier Kaltzakorta, Luzien Etxezaharreta, Joxemari Iturralde, Iñaki Sarriugarte, Pepe Altair, Harkaitz Cano, Mikel Urdangarin, Xabier Elorriaga eta Joseba Luzuriaga.
Azala Karen Amaiarena da. Argazkiak eta ilustrazioak Ernesto Valverdek, Mikel Valverdek, Jose Ramón Urtasunek eta Zaldieroak egin dituzte. Zaldieroaren komikia, “Urrezko liburutegia” eta “Foroa - azkenaldiko liburuak” ohiko atalak ere ekartzen dizkigu Erlea-k.
Aldizkaria eskuratzeko, sakatu hemen.
Comments
Erlea 7 da daukadan aldizkari honen azkenengo alea, alegia, 2013koa. Elkarren galdetu dut eta ordutik ez omen da ale berririk atera. Zein da arrazoia? Ez dut jakin argitalpen hau amaitu denik.
Eskerrikasko
Iñaki Kortabitarte