Apirilaren 24an, Euskaltzaindiaren 90. urteurreneko ospakizun ekitaldia egin zen Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren jauregian.
Ekitaldian honako hauek hitz egin zuten: batetik, Juan Antonio Zarate Arabako Batzar Nagusietako lehendakariak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Xabier Agirre ahaldun nagusiak. Bestetik, Jose Luis Lizundiak eta Elena Martinez de Madinak Gasteizko Toponimia I (Hiria) eta II (Malizaeza) liburukiak aurkeztu zituzten. Aipatu ekitaldian, Patxi Uribarren euskaltzainak eta Manu Ruiz Urrestarazu Arabako ordezkariak hitzaldi bana eman zuten.
Patxi Uribarrenen hitzaldia ekartzen dugu hona: "Izan zirelako gara, garelako izango dira".
"Historian zehar Araban euskararen lekuko edota bidegile izan diren zenbait pertsona aipatu nahi ditut. Guzti horiek Arabako euskararen lekuko iraunkor bilakatu dira. Hori horrela, nire asmo nagusia "izan zirelako gara" esaldiaren oihartzun ozena jasotzea da. Aipatuko ditudan idazle guztiak, jaiotzez, familiaz edo bizitzaz Arabako euskarari loturik agertzen zaizkigu. Halako batzuek, Araba euskalduna izan zela argi eta garbi aditzera emateaz gainera, gure euskarako testu idatzi zaharrak oso urriak izatean, aukerak eskainiko dizkigute Arabako euskalkiaren berriak ezagutzeko".
Patxi Uribarren: "Izan zirelako gara, garelako izango dira" 160,66 Kb