Jendarte eta gizarte sinonimoak dira? Bai? Ez? Zein da berba bakoitzaren jatorria eta esangura? Aspaldian piztu zen zalantzak bizirik dirau, hein handi batean. Duda-mudak uxatzeko, hona hemen Xabier Kintana Akademiako idazkariak Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiari 2011ko urriaren 19an idatzitako gutuna, non euskaltzainak gai honi buruzko azalpen luze eta mamitsuak ematen dituen.
Orduko hartan, Aldundiak erdarazko sociedad-société kontzeptua adierazteko, euskaraz gizarte ala jendarte, bietako zein den egokiena galdetzen zion Akademiari. Hona hemen Kintanaren erantzun arrazoitua:
"Jasoa dugu Euskaltzaindian zure 2011ko urriaren 13ko gutuna. Horretan, erdarazko sociedad-société kontzeptua adierazteko, euskaraz gizarte ala jendarte, bietako zein den egokiena galdetzen diguzu, hor ezkuta litekeen sexismo eta emakumeen kontrako bereizkeriak uxatzeko.
Lehenengo eta behin, esan behar dizut, txalotzekoa iruditzen zaidala, erabat, erakusten duzun kezka, eta berdintzaile izan nahi duen administrazio batean guztiz eskertzekoa, bai eta Kontsulta egitean Euskaltzaindian ezartzen duzun konfiantza ere.
Euskarak, dakizunez, -munduko beste hizkuntza askoren antzera (txinera, japoniera, turkiera, finlandiera, georgiera, kitxua etab.)- ez du genero gramatikalik, eta, horrexegatik, adibidez, 'langile bat' esaten denean, hor ez da adierazten pertsonaren lanbidea besterik, espainieraz ez bezala, un trabajador ala una trabajadora ote den argitu gabe. Alde horretatik, hizkuntzari dagokionez, normalean euskaraz ez da gertatzen inguruko erdaretan, nahi gabe ere, egiten diren 'nahitaezko bereizkeriarik'.
Izaki bizidunekin ere, gehienetan, holako bat aipatzen denean (txakurra, txoria, arraina, eulia, karramarroa, txirla, lehoia, sugea, arranoa, balea...) izaki horren kontzeptu orokorra eskaintzen da, baina bakoitzaren sexuaz ezer azaltzeke. Dakizunez, kasu hauetan, generoa adierazteko, oinarrizko hitzari euskaraz ar edo eme hitzak eransten zaizkio (txakur arra, lehoi emea, suge arra, astemea...).
Hala eta guztiz ere, etxeko animalia gutxi batzuen kasuan, beste hizkuntza askotan ere egin ohi denez, badira arrak eta emeak izendatzeko izen bereziak: behor/zaldi, ahuntz/aker, behi/zezen, ardi/ahari, ordots/ahardi, eta noski, gauza bera gertatzen da senidetasuna adierazten duten berba batzuetan ere emakume/gizon, emazte/senar, neska/ mutil, ama/aita, lehengusina/ lehengusu, izeba/osaba, anaia, neba/arreba/ahizpa... esaterako, nahiz eta, hauetan ere, inoiz hitz bakarra erabili sexu bietarako: gurasoak, umeak, ilobak, bilobak, se-nideak, ahaideak, haurrideak, asabak... Dena den, taldeak adierazteko, ez dira beti genero biak aipatzen (aita-amak, neska-mutilak, seme-alabak, izeba-osabak edo jaun-andreak kasuetan bezala) eta badira soldaduak, erlijiosoak, behorrak, ardiak, ahuntzak bezalako kolektiboak ere, horietan maiz ofizialak, fraideak eta mojak, zaldiak, ahariak eta akerrak ere osagarri izan arren.
Galdetzen duzun kasu konkretuan, aipaturiko bi hitz horiez gainera, gizarte eta jendarte, bada, gutxienez, beste bat ere: lagunarte. Hirurek, esangurari dagokionez, badute gune komun bat, eta kasu konkretu batzuetan sinonimoak ere izan daitezke, baina neurri batean. Horrela, pertsona bati beste pertsona batzuekin ibiltzea gustatzen bazaio, oso lagunartekoa, guztiz gizartekoa edota erabat jendartekoa dela esan dezakegu. Halere, hor sinonimia osorik ez da izaten. Adibidez, “toki batean gizarteko problemak direla” esaten denean, ez da “jendarteko problemak” edo “pertsonarteko problemak” entzutean ulertuko genukeena bera ulertzen. Normalean, lehen kasuan “arazo orokorragoak eta sozialak”, bigarrenean “jende konkretuen arteko tratu edo harremanetako gorabeherak”, eta hirugarrenean “nolabaiteko (adis)kidetasuna dutenen arteko arazoak” izaten direlako. Beraz, erdarazko ‘sociedad’, maila formal, abstraktu eta orokorrean, aipatu nahi denean, gizarte hitza da, euskaraz hobestekoa.
Gizarte hitzaren osagaietan giza- agertzeak ez dakarkio, berez, hitzari inolako konnotazio sexistarik, norbaitek, erdarazko adibide eta ereduak gidari hartuta, hitzaren azken osagarria era hertsiegiaz ikusi eta halakotzat salatzen hasi nahi izateko. Gogoan izan, gainera, giza- errotik, bereziki ‘gizon’ adierako hitz batzuez aparte, badirela ‘pertsona abstraktu’ esangurako beste berba elkartu ugari ere: gizabide, gizadi, gizabanako, gizeraile, gizajale, gizaki, gizalan, gizaldi, gizalde, gizalege, gizaldra, giza ezaguera, giza gorputza... inork sexistatzat jotzen ez dituenak. Gauza bera gertatzen da, halaber, espainierazko homo, humano, homínido, humanoide kultismoekin ere, guztiak hombre arruntarekin lotuak, eta, dirudienez, etorkiz humus ‘lurra’ hitzetik eratorriak (gogoan izan Jainkoak gizakia lurrez moldatu zuelako mitoa antzinako kultura askotan hedaturik zegoela, eta ez, soilik, juduen artean).
Bestetik, ez dezagun ahantz, euskaraz jende hitzak, `pertsonen multzoa’ esanguraz gainera, ‘mota, klase’ ere esan nahi duela, eta maiz animaliak eta gauzak aipatzeko erabiltzen dela anitz tokitan: zamari-jendea ‘zaldiak’, ardi-jendea, ‘ardiak’, zuri-jendea ‘arropa zuria’.
Hizkuntza batzuek, egia da, badute ‘gizaki’ kontzeptua adierazteko hitz berezirik. Alemanak, adibidez, Mann ‘gizona’ren ondoan badu Mensch (edonola ere berau ere Mann-etik eratorria), edota georgierak (katzi / adamiani), baina ingelesak, espainolak, frantsesak, italierak eta errusierak, aldiz, ez, eta hortik ez dator, nahitaezko ondoriotzat, Koldo Mitxelenak berak aspaldian argi eta garbi salatu zuenez, emakumezkoen aurkako bereizkeriarik bat ere.
Alemanez baleari Walfisch (lit. ‘balea-arraina’) eta dortokari Schildkröte (lit. ‘apo ezkutuduna’, ‘apo babestua’, Cfr. euskarazko apoarmatua) edo marmokari ingelesez jellyfish (lit. ‘gelatinazko arraina’) deitzeak ez du esan nahi alemanek ez dakitela baleak ugaztunak eta dortokak narrastiak direnik, edo ingelesek marmoka moluskotzat ez daukatenik ere. Hots, hizkuntzazko tradizio zaharrak ez du, ezin bestean, hiztunen jakituria, edo ezjakintasuna, moldatzen.
Ildo berean, baina alderantziz, Europako hizkuntza gutxik egiten dute, euskarak eta kitxuak bezala, anaia/neba (kitx. wawki/turi) eta arreba/ahizpa (kitx. pani/ñaña) bezalako banaketarik, eta, halere, ez dirudi kanpoko inork gure eskema laukoitza imitatzeko irrika handirik erakusten duenik, haien sailkapena, bistan dagoenez, gurea baino urriagoa eta ‘pobreagoa’ izan arren.
Azken buruan, okerrak eta abusuak, egotekotan, hizkuntzetan ez baina mintzaira konkretu horiek darabiltzaten gizarteen kultura, ideologia, lege edo fede-aurreiritzietan egoten dira. Pentsa dezagun, adibidez, maskulinoa eta femeninoa ongi bereizten duten hizkuntza indoeuropar edota, areago oraindik, semitikoetan, zeintzuetan, nahitaez, presidente/presidenta, juez/jueza, profesor/profesora, soldadu/*soldadusa moduko adibide ugariez gainera, hamar arteko zenbaki guztietan ere nahitaez maskulinoa eta femeninoa bereizi beharra dagoen (Cfr. esp. uno/una, fr. un/une).
Hor dira, bestalde, euskararekin batera, generorik izaten ez duten hizkuntza eransle ugariak (txinera, japoniera, kitxua, aimara, nawatl eta amerindiar gehienak), baina horrek esan nahi al du horien hiztunak horregatik berdinzaleagoak eta hain matxista ez direnik? Izan ere, hizkuntzaren molde eta esapideak gora behera, hara hor zer nolako ezberdintasunak egoten diren, gizarteetan bertakoen kultura, erlijio-mota, ideologia eta legeria aurrerazale edota atzerakoiaren arabera, emakumeekiko tratu, eskubide eta berdintasun-mailari dagokionez. Gainera, denbora ere ezin ahantzizko faktorea da. Horregatik, garai bateko lexikoa, urte eta mendeen joan-etorrian, onerako zein txarrerako, konnotazioaz, eta are esanguraz ere, erabat alda daiteke (Cfr. karlista, liberala, sozialista, nazionalista, protestantea, komunista, proletario, noble, pueblo, gente, nacional, monárquico, colonia, conquistador, cristianizar, militar, criado, policía, funcionario, denunciar, islámico, dialecto, lengua...).
Beraz, gorago esandakoaren eta adibideen arabera, ez dirudi bidezkoa denik, ez eta beharrezkoa ere, erdarazko kulturen, moden eta komunikabideen presioari men eginez, euskaldunok, mimetismozko sokatiran, orain maila apalagoko beste sinonimo batzuk bultzatzen jardutea, euskaraz azken mendean behintzat hedatzea lortu dugun gizarte hitz jada aski ezagun eta finkatua baztertu eta ordezkatzeko. Hori, azken finean, gaurko euskara moderno estandarraren batasunari kalte egitea litzateke, Peneloperen gogoko egin-desegiteko jolas arriskutsuan murgiltzearren.
Emandako argibideak zure galderari erantzuteko aski izango direlakoan, adeitasunez agurtzen zaitu:
Xabier Kintana Urtiaga
(Euskaltzaindiaren idazkariak)