Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” Donostiako Antiguo auzoan jaio zen 1929ko irailaren 27an.
Ingeniaritza Industriala ikasi zuen, Bilbon, baita Linguistika ere, Pariseko Sorbonan. 1983an, tesia burutu zuen Bartzelonan, Euskal Azentu gaiari buruz.
1904. urtean, aitona Tolosatik, Antiguo auzunera joan zen eta han, Txillardegi izeneko baserria eta lurrak zeuden inguruan eraiki zuen etxea. Hortik datorkio Alvarez Enparantzari Txillardegi goitizena.
Etxean entzun ez eta bere kabuz hasi zen 1947an euskara ikasten, orduantxe prestatu baitzuen bere lehen “hiztegi” pertsonala. Horrekin batera, Bilbon ingeniaritza ikasten ari zela, gazte mugimendu abertzale zenbaitetan esku hartu eta kartzela ezagutu zuen lehenengoz. Beste ikasle batzuekin batera Ekin taldea sortu zuen, zeina gerora ETA bihurtu baitzen 1958an. 1950ean, 20 urte zituela, euskaraz idazten hasi zen. Alphonse Daudet-en ipuin labur baten itzulpena izan zen sinatu zuen lehenbiziko lana.
1957an, Leturiaren egunkari ezkutua izeneko eleberri existentzialista argitara eman zuen eta euskal literatura modernitate literarioaren bidean jarri zuen. Urte horretan bertan, 1957ko uztailaren 26an, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.
1958tik 1960ra bitartean, Gipuzkoako Diputazioan, euskal literaturari buruzko eskolak eman zituen. 1961ean, aldiz, erbesteko bidea hartu zuen. Beste zeregin askoren artean, Euskaltzaindiarekin kolaboratu zuen euskara batuaren eratze prozesuan, prozesu honen eragile nagusienetakoa izan zelarik. 1967an ETA utzi zuen. 1977an, behin Hegoaldera itzulita, politikagintzan murgildu eta ESB alderdiaren sortzaileetako bat izan zen. Urte batzuk geroago Herri Batasunaren senatari izatera iritsi zen.
1976. urtean, Unibertsitatean hasi zen lanean, aditu gisa linguistikan. Hala bada, Bordeleko Unibertsitatean, EUTG eta Deustuko Unibertsitatean, irakasle izan zen, 1976tik 1983 arte. 1983-84 ikasturtetik aurrera, Zorroagako Fakultatean, Sozio-linguistikako irakasle izan zen. 70 urte bete zituenean, katedratiko emeritu izendatu zuen EHUk.
Euskera, Euzko Gogoa, Egan, Zutik, Jakin, Tierra Vasca, Herria eta beste aldizkari askotan kolaboratzaile izan da. Branka aldizkariaren sortzailea. Bat soziolinguistikako aldizkariko zuzendaria izan zen, 10 urtez (1992-2002).
Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzaileetarikoa zen eta Udako Euskal Unibertsitateko kide, sorreratik. Pianoa ere jotzen zuen, zaletasunez.
Euskaltzaindian, hiru aldiz proposatu zuten euskaltzain oso izateko: 1980. urtean (Patxi Altuna aukeratu zuten); 1987. urtean (Juan Mari Lekuona); eta 1987. urtean (Ibon Sarasola).
2000. urtean, Euskaltzaindiak “Txillardegiren bibliografia 1956-1999” lana egin eta eman zion Txillardegiri berari. 954 sarrera bibliografiko ditu lanak.
2005eko irailean, Nerekin yaio nun: Txillardegiri omenaldia liburua aurkeztu zuen Euskaltzaindiak, Donostian. Liburua, Euskaltzaindiak Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegiri” eskaini zion omenaldi-liburua da. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 17. zenbakia da eta Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu zen. Henrike Knörr Euskaltzaindiko Iker sailburua eta Pilartxo Etxeberria euskaltzain urgazlea izan ziren prestatzaileak.
Liburuaren hasieran, Txillardegiren bibliografia hautatua eskaintzen da, Henrike Knörrek eta Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendariak prestatua. Hizkuntza, literatura eta historiari buruz 31 lagunek idatziriko lanek osatua da liburua. Lan gehienak euskaraz idatziak dira, eta hiru frantsesez eta bat gaztelaniaz.
Bestalde, 2007an bete ziren 50 urte Leturiaren egunkari ezkutua eleberria argitaratu zela. Hori dela eta, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak hitzaldi-sorta prestatu zuen. Hitzaldiak Euskal Herriko Unibertsitatearen 2007ko Udako Ikastaroen barnean egin ziren, uztailaren 16, 17 eta 18an, Donostiako Miramar Jauregian.
Aipatu biltzarrean, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeak, euskal eleberrigintzaren bilakaeran Leturiaren egunkari ezkutua-k ekarri zuen berriztapena eta gizartean eragin zuen oihartzuna hartu zituen hausnarketa kritikoa egiteko helburutzat, haren zenbait alderdi jakin aztertzearekin batera. Gero, 2008ko maiatzean, Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. Mendeko euskal narratibaren testuinguruan izeneko liburua aurkeztu zuen Euskaltzaindiak. Liburua Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren etapa berriaren lehen zenbakia izan zen, eta haren bitartez Leturiaren egunkari ezkutua eleberria argitaratu zeneko 50. urteurrenaren karietara, Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” omendu nahi izan zuen Akademiak.
Sariak, omenaldiak:
- 1968. urteko Domingo Agirre Saria, Elsa Scheelen eleberriarekin.
- 1980. urtean, Zilarrezko Lauburu, Euskal Gramatika liburuagatik.
- 1999. urtean, UEUk ohorezko kide izendatu zuen.
- 1999. urtean, 70 urte egin berriak zituela aitzakiatzat hartuz, Jakin aldizkariak ale berezia egin zuen Txillardegiri buruz.
- UEUk omendu zuen. Txillardegi lagun giroan liburua idatzi zuten bere lagunek. UEUk argitaratu zuen 2000. urtean.
- 2002an, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen.
- 2002an, Mendebalde Kultur Elkarteak omendu zuen, “Administrazioa eta euskalkiak” jardunaldien barruan.
- 2002an, SEI elkarteak ohorezko presidente izendatu zuen.
- 2004ko irailean, Elkar argitaletxeak omenezko jardunaldiak burutu zituen.
- 2004ko urrian, Koldo Mitxelena Kulturuneak omenezko jardunaldiak egin zituen.
- 2011n, Donostian, Euskal Herrian Euskaraz-ek omendu zuen.
Txillardegiren bibliografia 78,93 Kb
Txillardegiren bibliografiari buruzko informazio osoa Azkue Bibliotekaren katalagoan aurki daiteke.