2013ko Xalbador Eguna iragana da dagoeneko; joan da aurtengoa, aurreko asteburu luzean egin baita, Xalbador eta Iñaki Eizmendi "Basarri" -hurrengo azaroan beteko dira ehun urte jaio zela- gogoan.
Deiadarra taldeak lan asko eta izugarria egin du behin eta berriro, urriaren 11, 12 eta 13ko festa antolatzen. Ondarroa eta Mutrikuko gizon-emakume asperrezinak, urtero bezala saiatu dira. Urepeleko Herriko Etxearen, Euskaltzaindiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntasun eta babesa izan du. Eta hutsik egin gabe, urtero Urepelen biltzen diren Xalbadorzaleena eskertu behar da, batez ere.
Eguraldia lagun izan dugu aurten. Udazkeneko eguraldi ederraz gozatu ahal izan du Urepelen bildu den jendetzak. Alabaina, zerbaitean hutsegin ote duen sentimendu gelditu zaio taldeari, aurreko urteetan baino jende gutxiago bildu baita aurten. Gizartearen gaur egungo egoera ere kontuan izan beharko, agian, asteburu luzeegiarena ahaztu gabe.
Egitarau zabala
2013ko Xalbador Eguneko egitaraua ez zen hutsaren hurrengoa. Eta ostiral arratsean, Benito Lertxundik bere taldearekin eman zuen kantaldian jendetza handia bildu zen, Baigorri bailaratik, Elizondo aldetik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik. Aparteko giroa sortu zuen oriotarrak; eta uste dugu nekez egin daitekeela bilkura atsegin eta gozoagorik.
Larunbatean, berriz, arratsaldeko 17:30ean, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde den Patxi Baztarrika jaunaren mintzaldia izan zen herriko eskoletan, euskararen gaur egungo egoerari buruz Hegoaldean, Nafarroan eta Iparraldean. Hitzez eta irudiz antolaturiko mintzaldi bikain, sakon, argi eta ederra izan zen, ezbairik gabe. Eskolako aretoan bildu ziren entzuleek gozatu zuten. Mintzaldiaren ostean, ordubete inguru iraun zuen galde-erantzunen atalak. Badu Deiadarrak eskertsu eta gustura egoteko hainbat motibo.
Jarraian, Xalbadorren itzalean, hamar urte (Joxemari Iriondo - Auspoa 326) liburuaren aurkezpena egin zen. Eta lagun arteko afaria herriko pilota lekuan, Xendarineko ahizpak, eta Eider eta Gorka Zabaleta oiartzuarrak tartean kantari zirela.
Igandean, Deiadarrak antolatu egitasmoak agintzen zuenaren arabera, Xalbadorren etxola aldea ezagutuz egin zen mendi ibilaldian jende multzo ederra bildu zen, tartean gibelurdin eta onddoak bilduz. Eguraldiak hartaraxe bultzatzen, nonbait.
Aldi berean, goizeko 10:30ean, meza izan zen, Xalbador, Basarri, Koxme Lizaso, Fermin Mihura, Mitxel Lekuona eta hildako beste bertsolari eta bertsozaleak gogoratuz. Eta ohiko bisitaldia Xalbadorren hilobira, loreak eskainiz eta aitagure bat errezatuz. Besteak beste, hantxe bildu ziren Urepeleko Ernaga auzapez jauna eta Txomin Arranbide auzapez ohia, Mixel Aire (Xalbadorren semea) eta Aranaldetarrak.
Joxe Mari Egaña eta taldeak antolatu zuten herri-kirol saioa, Mutriku eta Donzaharreko taldeak norgehiagoka zirela –han bildu zen ikusle asko ere animatu zen parte hartzera–; eta Larraineko (Zuberoa) dantzarien saioa ondoren, herriko plazan.
Aurten ez zen eguraldiaren inolako aitzakiarik, eguzkiak ondo berotzen bazuen ere. Eta tartean, Ondarroako emakume taldeak prestatutako mokadu goxoak dastatzeko aukera gainera, huskeria baten truke. Zer gehiago behar zen goizaldia ondo pasatzeko?
Xalbadorren egunean, urtero ohi den bezala, lagun arteko bazkariaren ostean, bertsolariak izan ziren: Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Joxe Luis Gorrotxategi. Taldean laurok batera, banaka, binaka nahiz gai librean, puntutan ordu beteko saio bizi-bizia eta tinko egin zuten, besteak beste, aurtengo txapelketa aipatuz.
Oso labur esanda, hau da aurreko asteburuaren kronika eta laburpena, 2013ko Xalbador Egunari gagozkiolarik.
Eta berriz ere lanean hasi da Deiadarra taldea, hurrengo urterako zer zuzendu eta konpon daitekeen aztertuz. Oso hotz portatu den prentsa eta hedabideekiko harremana landu beharko da, laguntzaile berriak erakarri taldera… Aldi berean, autokritika egin, eta indarrez eta adorez heldu lanari berriro, laguntzen saiatzen direnei eskerrik sutsuenak emanez.
Urepelen egiten den Xalbador Egunak hutsune handi bat betetzen duela uste dugu Nafarroa Behereko bazter honetan, euskara, bertsolaritza eta euskal kultura maite dugunok. Deiadarrak ez du etsiko, baina jarraitzaileen premia larria du, beti esan izan duen bezala.
Joxemari Iriondo
Deiadarrako kide eta ohorezko euskaltzaina