Zuzendaritzari atxikirik dauden egitasmoak dira.

Euskaltzaindiak sorreratik du Iker Saila, bere helburuetan hizkuntzaren corpus-az arduratzea ezarria duelako. Akademiak goi-mailako ikerketa bultzatzea du xede, hizkuntzaren arau, gomendio eta abarren oinarri izan behar duena.

Euskaltzaindiak lehentasuna eman dio, sorreratik, hiztegigintzari. Izan ere, Hizkuntza Akademia batentzako hiztegigintza oinarri-oinarrizko eginkizuna da. Akademia sortu berriak 1920an eratu zituen bost batzordeetako bat, hain zuzen, Iztegisaila izan zen.

1955ean, Euskaltzaindiak enkargua luzatu zion Koldo Mitxelena euskaltzainari Resurrección Maria Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés (1905-06) obra eguneratu, zuzendu eta osotzeko. Mitxelena berehala konturatu zen hiztegia osatzeko lan mardulagoa egitea ezinbestekoa zela, pertsona batek baino, lan-talde zabalak burutu beharrekoa. Orotariko Euskal Hiztegia egiteko lehen urratsa zen.

Bitartean, Euskaltzaindia beste maila bateko hiztegigintzan ere aritu zen, alorrez alorreko hiztegi eta izendegi espezializatu txikiak lantzen. 1960ko hamarkadaren bukaeran hasi zen Euskaltzaindia alorrez alorreko hiztegigintzan, hala nola geometria eta geografia, etxegintza, zuzenbide, musika, arkitektura, matematika, zientzia-teknika, banka, arte, administrazio eta merkataritza arloetako izendegiekin. Merkatalgo izendegia-k (1974) eta Zortzi urte arteko ikastola hiztegia-k (1975) ikusi zuten argia hurrengo hamarkadan.

Amaituta dagoen Orotariko Euskal Hiztegiaz gain, Euskaltzaindiak beste bi proiektu garrantzizko ditu eskuartean: Euskaltzaindiaren Hiztegia eta Hiztegi Batua.

Hainbat urtez euskal gramatika egiteko ahaleginean ibili ondoren, Gramatika lanei bultzada handia eman zion Akademiak 1979an, Arrasateko IX. Biltzarrean, gramatika hartu zutenean aztergai nagusitzat, bereziki sintaxia. 1980an, Gramatika batzorde berria sortu zen, Piarres Lafitte buru zela, eginbehar zehatzarekin: Euskaltzaindiaren gramatika izango zena taxutu ahal izateko langaiak bilduz joatea.

Euskaltzaindiak 1982an ekin zion mende laurden baino gehiago iraun duen lan sistematikoari: Euskal Gramatika. Lehen Urratsak (EGLU) izeneko egitasmo erraldoiari ekiteko.

Euskalarien eta Euskaltzaindiaren aspaldiko ametsa da euskalkien mapa egitea, 1918an Julio Urkixok lehenengoz horren asmoa agertu zuenetik, eta 1921ean Resurreccion Maria Azkue euskaltzainburuak Akademiaren batzarrean Erizkizundi Irukoitza egiteko egitasmoa azaldu zuenetik.

Geroztik ere hainbat saio egin ziren, eta 1980an, Dialektologia batzordea eratu zenean, ez zen hutsetik hasi, hizkuntza atlasa egitea helburu nagusi hartuta.

Arlo honen barruan Onomastika batzordea eta Exonomastika batzordea daude. Onomastika batzordeak ponte-izenak, deiturak eta leku-izenak aztertzen ditu; alegia, izendegi ororekiko finkatze, gainbegiratze, irizpen eta ziurtagiri-emate edota aholkularitza lanetan dihardu.

Exonomastika batzordeak exonimo edo atzerriko izenak aztertzen ditu eta araugintza, irizpen eta aholkularitza lanetan dihardu. Gai honek zenbait esparrutan duen garrantzia ikusita, bereziki irakaskuntza eta komunikabideak dira hartzaile nagusiak, eguneroko jardunean dituzten premiak kontuan izanda.

Euskaltzaindiak lan eremuen artean izan zuen literatura hasieratik, 1920an onartutako barne arautegian Akademiaren helburuen artean aipatzen baita literatura sustatzea. Eta helburu horrekin sortu zuten urte berean, beste lau batzordeekin batera, sariketa saila.

1958an, Txomin Agirre eleberri saria eta Toribio Altzaga antzerki saria abian jarri zituen Euskaltzaindiak. 1959an, poesia saria antolatu zuen lehen aldiz, eta 1979an, Mikel Zarate hil ondoren, saiakera saria egiteari ekin zion.

Ahoskera batzordeak euskararen ahoskera eta estandarizatzea ditu funtsezko kezka. 2013an sortu zen eta Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak sortutako Ahoskera Lantalde Suntsikorraren (2011.IV.13) ondorengoa da.

Bide horretan egungo eginkizun nagusiak Euskaltzaindiak 1998an plazaratutako Euskara Batuaren Ahoskera Zaindurako (EBAZ) arauen lantze, garatze eta komunikazioa ditugu. Estandarizatzea ahulduko lukeen monoestilismoari (bai estandarra bakarrik erabiltzeari, bai euskalkiak bakarrik erabiltzeari) aurre egiteko, Batuaren zubigintza-egitekoa indartu nahi da, EBAZ arauak dagokien testuinguruan kokatuaz.

Hartara, ahoskera batuetatik hizkera txikienetarainoko maila nagusienak kokatzea da epe luzeagorako helburu.

Euskaltzaindiak sorreratik du Jagon Saila, eta bere helburuetan euskara sustatzea, erabilera zabaltzea, hizkuntzaren kalitatea bermatzea eta hiztunen eskubideak zaintzea daude.

EGITARAUA

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. E48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper