Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak (Euskaltzaindia, 2011) deritzan liburuaren inguruan eratu da Sareko orri hau, betiere jakite-eremu horretarako (EHS) baliabide inprimatuen ezagutza hedatzeko asmoarekin.
HABE Liburutegiaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzari esker euskararen historia sozialaren inguruko erreferentzia bibliografikoen datu-base hau etengabe eguneratzen eta elikatzen da.
Atariaren lehen bertsioak 5032 erreferentzia zituen. Oraingoak, HABE Liburutegiak emandako 367 gehiago. Guztira, beraz, 5399 erreferentzia ditu atariak.
Gisa ezberdinetan balia daiteke atari honetara datorren bisitaria, aurkitu ere baliabide desberdinak aurkituko baititu, baina komeni zaio jakitea albistegi bibliografiko honek zertan lagundu nahi duen.
Euskararen Historia Sozialaz ari da atari hau, eta xede ezberdinekin hurrera daiteke bisitaria bertara. Adibidez, honelako eta antzeko albisteak bilatzeko:
Argibide bibliografikoak liburuak ematen digunarekin batera atari hau argibide osagarriak eskainiz joango da, herritar ororentzat interesgarri eta ikertzailearentzat lagungarri izan daitezkeenak, Euskararen Historia Soziala ezagutzeko:
Atariko laguntzen bidez ez dugu harrobi hori agortzeko asmorik, eta ezarian joango gara laguntzak osatzen, betiere azken hitza eta ekimena adituen eskuetan uzten ditugula. Urtean behin eguneratuko da atari hau, HABE Liburutegiak Euskaltzaindiaren eskura jarriko dituen erreferentzia berriei esker.
Bilduta dugun bibliografia honen ekarpenak eta berauen mugak adierazita dauzka irakurle interesatuak aipatu liburuko hitzaurrean, eta atari honetako beste ataletan izango du laguntza guztiaz hobeki baliatu ahal izateko.
Argibide bibliografikoak (EHS) liburua prestatzean, lanbide horretan ibili den lantaldeak hainbat harreman izan du Euskal Herriko eta erbesteko kultur sareekin, bereziki Liburutegiekin, baina baita aditu eta ikertzaileekin, eta noizbehinka baita hainbat herritar EHSaz arduraturekin ere.
Gure jakin-eremuan eta harremanen artean, lankidetza-sarea ehunduz joateko aurkeztuko ditugu hemen aipatzen diren jakinbideak. Oraingo honetan ez ditugu emango lehen urratsak baizik, gerora eginez joango garenari hasiera ematen diogula.
Bistan da, gure artean argitara eman ohi diren Urtekariek euskal kulturaren unibertsoa osorik begiratu ohi dute; gurea, bestelako lana izango da, beti EHSari begira ardaztua, eta oraingoz ikerlan argitaratuak biltzen saiatuko dena batik bat.
Bi harrobitatik eraikitako kultur eraketa izan dugu gogoan: modu batera edo bestera ofizialtzat eman dezakeguna, eta ekimen sozialetatik jaiotako bestelakoa. Batzuek zein besteek, sarritan elkarlanean gainera, EHSaren mesedetan ekarpen onik egin dute eta are gehiago egin dezakete.
Oraingoz, ondoko multzo hauetan banatu dugu EHSean emankorra izan daitekeen gure lanabes bibliografikoa:
Lehen albisteak:
Edozein jakin-eremutan ere, beti da zaila lehen urratsak zuzen eta taxuz ematen hastea. Euskararen Historia Sozialaz lehen ezagutza eskuratzen hasteko zenbait liburu proposatzen ditugu hemen, erakargarriak izango direlakoan. Lehenengo proposamen hau aldakorra eta osagarria da. Horretarako, Sareko baliabideak ere gogoan har bitez.
Oinarriak jartzen:
Ondoko liburu zerrenda, euskaldun eskolatu batek beharko lukeen oinarrizko albisteak eskuratzeko proposamena da, orain hamar liburutara mugatu duguna.
Bakoitzaren aurkezpen laburra egiten da, erreferentzia bibliografiakoa eman, edukia laburtu eta berorren garrantzia azpimarratuz, ondoren idazlearen nortasuna aurkeztu eta Euskararen Historia Sozialarekin argitalpenak nola lagun dezakeen iradokiz.
Ondoren ikusiko da zer gehiago eman litekeen, eta zera esan behar da: daudenak badira, eta beste asko eta onak ere izan daitezke.
Liburutan egin dugun hautapen hau aldagarria da, eta bisitarien iradokizunak pozik hartuko ditugu ondoko emanaldietarako.
Liburu eta idazlanen zerrendetan metatu diren tituluek, hein batean, ematen dute bide argitalpen bakoitza zertaz ari den jakiteko; baina zehaztasun eta testuinguru helduago batekin guztietara hurbiltzeko, jakin-min denak edo adituak gako-hitzen bidez sarbide egokiagoa dauka. Hor gaien araberako bilaketa egin dezake, behar edo nahiago dituen gaiak aurkitzeko.
Maiz, sarbide bakoitzak hainbat idazlan bildu du, eta gaiari buruzko bibliografia agortu ez arren, lehen urratsak nondik nora egin daitezkeen erakuts dezake. Horrela, EHSari buruz gai eta puntu anitz jorratzen hasteko egokiera ematen du. Aurkibide honetan 12.000ren bat aipu eman dira, zerrenda alfabetikoko erregistro bakoitzari bizpahiru aipamen eginez.
Aurkibidean, orotara, 2.400 gako-hitz daude jasota, eta denak ez dira, noski, garrantzi eta luze-zabal berekoak, eta hona lehenengoz datorrenak zerrenda aberats horrekin zer egin begiratu beharko du. Horretan laguntzeko, adibide gutxi batzuk hartu ditugu hemen, batez ere ikertzaile etorri berriari laguntzeko asmoz.
Ahal izango dugun neurrian joango gara adibide-multzo hori aberasten, baina oraingoz ondoko hauetara mugatu gara:
Azkue Biblioteka eta Artxiboa Euskaltzaindiaren zerbitzura dago. Horrez gainera, zabalik dago ikertzaile ororentzat, eta bere ahalbideen neurrian euskal kultura gaien ikerkuntza eta hedapena sustatzen eta laguntzen saiatzen da.