Sarrera eta zenbait ohar

Egitasmo honetan, Resurreccion Maria Azkueren idazlan argitaratu guztiak katalogatu eta digitalizatu dira. Digitalizazio prozesua amaiturik, honako emaitzak aurkezten dira:

  • Resurreccion Maria Azkueren idazlanak
  • Aurkibideak
    • Aurkibide orokorra
    • Gaikako aurkibidea

Resurreccion Maria Azkueren idazlanak

Idazlanen katalogazioa

Azkuek, bizi zen artean, 64 urtetan zehar argitaratu zuen: lehen argitalpena 1888koa da, eta azkena 1951koa. Guztira, argitaratutako 922 idazlan katalogatu eta digitalizatu dira.

Katalogazioari dagozkion ohar orokor batzuk eransten dira jarraian:

  • Idazlanaren egile bakarra Azkue bera denean, ez da espresuki egilearen izenik jarri. Aldiz, idazlanaren egilea Azkue bakarrik ez denean, egile guztien izena jarri da erreferentziaren hasieran.
  • Idazlan batzuetan ezin izan da izenburua identifikatu edo zehaztu. Hutsune hori saihestearren, idazlan horiei izenburu bat jarri zaie; hain zuzen ere, izenburu hori berezkoa ez dela adierazteko, kortxete artean ([ ]) jarri da.
  • Beste idazlan batzuetan ere, informazioren bat erabat zehaztu edo berretsi ezin izan denean (argitaletxea, argitalpen data, orrialde zenbakiak...), kortxete artean ([ ]) jarri da.
  • Idazlan horietako batzuk musika partituraz osatuta daude batik bat. Kasu horiek ‘[Musika inprimatua]’ adierazpena daramate izenburuaren ondoren.

Azkueren 922 idazlanak hamar multzotan sailkatu dira:

  • Liburu enblematikoak: 32.
  • Gainerako liburuak: 54.
  • Liburuxkak: 23.
  • Liburu zatiak: 27.
  • Artikuluak: 742.
  • Itzulpenak: 10.
  • Editorea / Zuzendaria / Biltzailea: 5.
  • Berredizioak: 8.
  • Egokitzapenak / Azkueren lanen itzulpenak: 12.
  • Gutuneria argitaratua: 9.

Lau liburu enblematikoak. Edizio kanonikoak eta faksimileak

Azkueren liburuen artean, lau dira nagusi eta enblematikoak, beren neurri, bikaintasun eta eraginagatik: Diccionario vasco-español-francés, Cancionero popular vasco, Morfología vasca eta Euskalerriaren yakintza. Horrenbestez, bereizita aurkezten dira.

Lau liburu horiek hainbat argitalpen izan dituztenez, edizio kanonikoari eman zaio lehentasuna: Azkue bizi zen artean ateratako azken edizioa hartu da edizio kanonikotzat. Hauek dira:

  • Diccionario vasco-español-francés: 1905-1906 (Egilea; Paul Geuthner. Bilbo; Paris).
  • Cancionero popular vasco: 1922-1925 (Boileau & Bernasconi. Bartzelona).
  • Morfología vasca: 1925 (Editorial Vasca. Bilbo).
  • Euskalerriaren yakintza: 1935-1947 (Espasa Calpe. Madril).

Morfología vasca-ren kasua berezia da: lehen edizioa 1923-1925ean Euskera aldizkarian argitaratu zen atalka, eta ondoren 1925ean liburu formatuan kaleratu zen. 1925eko bigarren bertsio hori hartu da kanonikotzat.

Bestalde, lau liburu hauek hainbat berredizio izan dituzte 60ko eta 80ko hamarkadetan. Berredizio horiek guztiak, dena den, faksimileak dira. Gehienek edizio kanonikoan agertzen ez diren atal berriak dituzte: sarrerak, hitzaurreak edo bestelako lanak. Testu erantsi horiek ere, Azkuek berak idatzitakoak izan ez arren (bat izan ezik), bere obraren edizioen testuinguruan argitaratu direnez, katalogatu eta digitalizatu egin dira. Horregatik, hain zuzen, liburu enblematikoak lau izan arren, multzo horren barruan katalogatu eta digitalizatutako idazlanak 32 dira guztira, aurreko sailkapenean ikus daitekeen bezala: edizio kanonikoen atalean 15 (kontuan hartuta Cancionero popular vasco 12 liburukitan argitaratu zela), eta faksimiletako idazlan berrien artean beste 17.

Gainerako liburuak. Liburuxkak

Azkueren beste liburu guztiak bi multzotan sailkatu dira, orrialde kopuruaren arabera:

  • ‘Gainerako liburuak’ (54): 20 orrialdetik gorako argitalpenak.
  • ‘Liburuxkak’ (23): 20 orrialdetik beherako argitalpenak.

Liburu zatiak

Azkueren 27 liburu zati katalogatu dira.

Artikuluak

Azkuek idatzitako 742 artikuluak honako aldizkarietan agertu ziren:

  • ASJU: 1.
  • Boletín eclesiástico del Obispado de Vitoria: 1.
  • El Nervión: 1.
  • Euskal-Erria: 8.
  • Euskal-Esnalea: 8.
  • Euskalerriaren Alde: 1.
  • Euskalzale: 613.
  • Euskera: 48.
  • Euzkadi: 1.
  • Euzkadi. Illabete biñako euzko-ingurtia: 2.
  • Gernika: 1.
  • Gure Herria: 2.
  • Ibaizabal: 31.
  • La Abeja: 7.
  • La Gaceta del Norte: 4.
  • La Tarde: 2.
  • Prehled. Ilustrovany ctrnáctideník Svatováclavské Ligy: 1.
  • RIEV. Revista Internacional de los Estudios Vascos: 5.
  • Txistulari: 1.
  • Yakintza: 4.

Aipamen berezia merezi dute Euskalzale (1897-1899) eta Ibaizabal (1902-1903) aldizkariek. Izan ere, bi aldizkari horien zuzendaria izan zen Azkue (Ibaizabal Kirikiñorekin batera zuzendu zuen), eta hainbat eta hainbat artikulu idatzi zituen horietan. Ez da beti erraza, dena den, Azkueren egiletza identifikatzea. Dagoeneko zalantzarik sortzen ez duten sinadurak hartu dira aintzat. Euskalzale-ren kasuan, bere izenaz gain –‘Azkue (R. M.)’, ‘A.’– hainbat goitizinez –‘Eketa’, ‘Basozale bat’, ‘Euskalzale’, ‘Tertzadun bat’, ‘Txirrist’, ‘Vascofillo’– sinatutako 613 artikulu katalogatu dira. Ibaizabal-en kasuan, ‘Eketa’ eta ‘Tertzadun bat’ goitizenez sinatutako 31 artikulu katalogatu dira.

Itzulpenak

Multzo honetan Azkuek egindako hamar itzulpen lanak katalogatu dira, baina liburu edo liburuxka formatukoak soilik. Hainbat artikuluk ere badute itzulpen izaera, batzuetan besteetan baino esplizituagoa, baina artikulu gisa multzokatu dira dagokien aldizkarian.

Editorea / Zuzendaria / Biltzailea

Multzo honetan Azkuek biltzaile eta editore gisa argitaratutako liburu bana sartu dira. Bi horiei Erizkizundi irukoitza-ri lotutako liburu gisako hiru argitalpenak erantsi zaizkie, Azkuek berak Euskaltzaindiaren baitan diseinatu eta zuzendutako egitasmoa izan baitzen.

Berredizioak

Azkueren idazlanen zortzi berredizio katalogatu dira.

Egokitzapenak / Azkueren lanen itzulpenak

Azkue etnografoak hemen eta han bildu eta argitaratutako herri ipuinek hainbat literatur egokitzapen izan dituzte ondoko urteetan, haurrentzako zein helduentzako ediziotan, izan liburu, liburuxka, liburu zati edo artikulu gisa. Hamaika egokitzapen katalogatu dira.

Bada kasu berezi bat: orobat multzo honetan sartu dugu Azkueren hamar ipuin japonierara itzulita biltzen dituen artikulua.

Gutuneria argitaratua

Azkueren gutunak biltzen dituzten bederatzi argitalpenak sartu dira multzo honetan. Bitarteko egileren batek argitaratutakoak dira, ia denak aldizkarietako artikuluetan.

Idazlanen digitalizazioa

Idazlan guztiak PDF formatuan digitalizatuta daude, irudipeko testua zuzenduta dutela. Irudipeko testuari zuzenketa selektiboa aplikatu zaio, exhaustiboki jokatu gabe, kualitatiboki esanguratsuak diren elementu guztiak zuzenduz.

Kasu bereziak

Tratamendu orokor horrek baditu hainbat zehaztapen. Izan ere, hainbat idazlanen kasuan, PDFaren irudipeko testua ez da zuzendu eta irudi moduko PDF huts modura digitalizatu dira:

  1. Lau liburu enblematikoak. Multzo honetan, aipatu dugunez, edizio kanonikoek dute lehentasuna. Edizio horiei guztiei aplikatu zaie irudipeko zuzenketa. Edizio faksimiletako atal berriak, aldiz, Azkuek berak idatzitakoak ez direnez (bat izan ezik), irudi soil gisa digitalizatu dira.
  2. ‘Editorea / Zuzendaria / Biltzailea’. Azkueren egiletza berezia da, testuak ez baitira berak sortutakoak, bildu, editatu edo zuzendutakoak baizik.
  3. ‘Berredizioak’. Ez dute jatorrizko edizioarekiko aldaketa esanguratsurik.
  4. ‘Egokitzapenak / Azkueren lanen itzulpenak’. Ez dute jatorrizko edizioarekiko aldaketa esanguratsurik.
  5. ‘[Musika inprimatua]’ adierazpena daramaten idazlanak, aipatu dugunez, batik bat partituraz osatutako dokumentuak dira.

Zeinu diakritikoen transkripzioa

Azkueren idazlanetan zeinu diakritiko ugari agertzen dira. Irudipeko testua zuzentzerakoan, honako transkripzioak egin dira:

  • ĺ → il
  • ŕ → rr
  • ś → x
  • ť → tt
  • ź → z

Aurkibideak

Azkueren idazlanen fitxategitik abiatuta, bi aurkibide sortu dira: aurkibide orokorra eta gaikako aurkibidea.

Azken buruan, bi aurkibide horiek dokumentu-analisi prozesu baten emaitzatzat jo genitzake, Bibliotekonomiaren eta Dokumentazioaren ezagutza esparruetan sistema dokumentalen edo dokumentu-bildumen deskribapen, errepresentazio eta azterketari erreferentzia egiten dion prozesu analitiko gisa ulertuta. Dokumentu-analisiak dokumentuen berezitasunak objektiboki deskribatzea, antolatzea eta errepresentatzea ahalbidetzen du, eta jatorrizko dokumentuen formari eta edukiari eragiten dieten eragiketa multzo batek osatzen du. Horrenbestez, dokumentu-analisia bi prozesu motatan banatzen da: batetik, dokumentuaren alderdi formalei buruz diharduten prozesuek dokumentuak identifikatzeko balio digute (analisi formala); bestetik, dokumentuaren edukia lantzen duten prozesuak daude (eduki-analisia). Xede horiek lortzera bideratuta daude, hain zuzen ere, aurkibide orokorra eta gaikako aurkibidea, hurrenez hurren.

Aurkibide orokorra

Aurkibide orokorra osatu, multzokatu eta ordenatzerakoan, multzo bakoitzeko idazlanak ordenatzeko lehen irizpidea kronologikoa da. Data bera duten lanen kasuan:

  • ‘Liburu zatiak’: idazlanak alfabetikoki ordenatu dira izenburuaren arabera; eta liburu bereko zatiak, orrialde zenbakien arabera.
  • ‘Artikuluak’: lehenik, aldizkariak alfabetikoki ordenatu dira; ondoren, aldizkari bakoitzeko artikuluak aldizkariaren zenbakiaren arabera ordenatu dira; zenbaki bereko artikuluak, orrialde zenbakien arabera.
  • Gainerako multzoak: idazlanak alfabetikoki ordenatu dira izenburuaren arabera.

Gaikako aurkibidea

Gaikako aurkibidean, Azkueren idazlanak gai sailkapen edo thesaurus baten arabera ordenaturik datoz; eta, gai bakoitzaren barruan, aurkibide orokorrean idazlanak ordenatzeko erabili diren irizpide berberen arabera.

Azkueren 922 idazlanak honela banatuta geratu dira gai sailkapenaren arabera:

1. Euskara

200

1.1. Hizkuntzalaritza

 

1.1.1. Gramatika, morfologia eta sintaxia

38

1.1.2. Lexikologia eta lexikografia. Hiztegigintza

41

1.1.3. Dialektologia. Euskalkiak

20

1.1.4. Hizkuntzalaritza historikoa eta konparatua

14

1.1.5. Fonetika. Ortografia

7

1.2. Euskara gizartean

 

1.2.1. Euskararen diskriminazioa eta berreskurapena

26

1.2.2. Euskara ikasteko metodoak eta irakurgaiak

8

1.2.3. Euskara eredugarria. Erdalkeriak eta garbizaletasuna

5

1.2.4. Euskalkiak eta euskararen batasuna. Euskaltzaindia

14

1.2.5. Euskara eta Euskal Herria. Iragana, oraina, geroa

27

2. Literatura

179

2.1. Narrazioak

30

2.2. Ipuinak

110

2.3. Poesia

10

2.4. Antzerkia

6

2.5. Literatur azterketa

10

2.6. Liburuak. Aipamenak, kritikak eta hitzaurre laburrak

13

3. Musika

64

3.1. Opera. Zarzuela. Musika kultua

23

3.2. Musika erlijiosoa

33

3.3. Musika azterketak. Musikologia

8

4. Etnografia

208

4.1. Folklorea

11

4.2. Herri musika

45

4.3. Herri literatura

20

4.4. Esakuneak. Atsotitzak

30

4.5. Istorioak. Izkirimiriak

102

5. Erlijio kristaua

59

5.1. Eliza

7

5.2. Liturgia. Eliz irakurgaiak

18

5.3. Kristau bizitza eta morala. Kristau ikasbidea

22

5.4. Eliz gizon eta emakumeak

12

6. Orotarik

212

6.1. Gogoeta laburrak honetaz eta hartaz

28

6.2. Kultura, gizartea eta beste. Albiste eta kronika laburrak

 

6.2.1. Euskal Herria

50

6.2.2. Mundua

56

6.3. Euskalzale eta Ibaizabal aldizkariak

 

6.3.1. Vascofillo eta Euskalzale

42

6.3.2. Euskalzale-ren mezuak irakurleari

19

6.3.3. Ibaizabal-en mezuak irakurleari

2

6.4. Gutunak

9

6.5. Besterik

9

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper