Idazketa arauak - Euskera agerkaria

0. Sarrera

  • Igorritako artikuluak behin betikoak izango dira, behar bezala idatziak, akats linguistikorik eta mekanografikorik gabeak. Horretarako, komeni da nork bere ordenagailuan zuzentzaile ortografikoa instalaturik izatea eta hura aplikatzea artikuluak Euskaltzaindira igorri baino lehenago.

1. Euskera agerkariaren esparruak

Hauxek dira Euskera agerkarian jorra daitezkeen zenbait gai:

  • Euskal Dialektologia.
  • Euskal Filologia.
  • Euskal Gramatika.
  • Euskal Lexikografia / Lexikologia.
  • Euskal Onomastika.
  • Euskararen Fonetika eta Fonologia.
  • Euskararen Historia.
  • Euskararen Semantika eta Pragmatika.
  • Hizkuntzalaritza orokorra.
  • Hizkuntzaren arautzea.
  • Hizkuntzaren irakaskuntza.
  • Hizkuntzaren normalizazioa.
  • Itzulpengintza.
  • Jurilinguistika eta hizkuntza-zuzenbidea.
  • Literatura.
  • Soziolinguistika.
  • Teknologia berriak eta hizkuntza.
  • Zientzia-arlo desberdinetako euskara teknikoak.

2. Ebaluazio eta argitaratze prozesuak

  • Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da eta 1920. urtetik argitaratzen da. Urteko lehen zenbakiak (buletinak) Euskaltzaindiaren lana eta bizitza akademikoa biltzen ditu, eta bigarrenak Akademiaren lan esparruetako ikerketa-artikulu originalak, liburu-aipamenak eta antzekoak jasotzen ditu. Zenbakiak urtea bukatu eta hurrengo sei hilabeteetan argitaratzen dira. Ikerketa artikuluak argitaratzeko, Idazketa kontseiluak, anonimotasuna bermatuz, bi ebaluatzaileren iritzia jasoko du.

3. Hizkuntzak

  • Artikulu originalak Euskal Herriko mundu akademikoan erabiltzen den edozein hizkuntzatan argitaratuko dira.

4. Aurkezpena

  • Artikuluaren hasieran, egilearen/egileen kidetza (unibertsitatea, ikergunea, erakundea, etab.) eta helbide elektronikoa ezarriko dira.
  • Testua idazteko 1,5 lerroartekoa erabiliko da, eta zein-nahi argitasun edo zuzenketatarako, orrialdearen albo bietan, 1,5 cm-tako koskarekin idatzirik aurkeztuko dira lanak. Orrialdeak eta oin-oharrak segidako zerrendan zenbatuko dira.
  • Testu-gorputza 12 puntukoa izango da.
  • Esparru akademikoan ohikoak diren letra tipoak onartuko dira (Arial, Times New Roman, Calibri,...).
  • Artikuluaren atal eta azpiatal guztiak zenbaki arabiarrez eta hierarkikoki zenbakituko dira: 1., 1.1., 1.1.1., 1.2., 1.2.1., 2., etab.
  • Beste hizkuntza bateko hitz solteak letra etzanez idatziko dira. Halaber, letra etzanez idatziko dira liburuen izenburuak eta aldizkarien izenak.

5. Luzera

  • Artikuluek, zuriuneak aparte, ez dute 30.000 karaktere baino gutxiago eta 60.000 baino gehiago izango. Liburu aipamenek, hemen ere zuriuneak aparte, ez dute 6.000 karaktere baino gutxiago eta 10.000 baino gehiago izango.

6. Laburpenak eta gako-hitzak

  • Ikerketa-artikuluarekin batera, haren laburpena (gehienez ere 500 karaktere) eta gako-hitzak (gehienez ere, sei) entregatuko dira. Laburpenak eta gako-hitzak euskaraz eta ingelesez idatziak izan behar dira. Esan gabe doa artikulua hirugarren hizkuntza baten idatzia badago, hizkuntza horretan ere aurkeztu behar direla aipatu hitz-gakoak eta laburpena.

7. Epeak

  • Argitaratze-prozesuan ezarritako epeak ez betetzeak artikuluaren argitalpena bertan behera uztea ekar liezaioke autoreari, argitaratzailearen erabakiz.

8. Artikuluaren euskarriak

  • Lana nahitaez euskarri elektronikoan (DOC(X), ODT edo RTF formatuetan) aurkeztuko da. Halaber, gehigarri modura, PDF bertsioa ere bidali behar da.

9. Aipuak

  • Aipu laburrak. Lau lerro baino laburragoak direnak testuan bertan jasoko dira eta testu-gorputzaren tamaina bera izango dute. Kakotx eta komatxo eredua hierarkia honen araberakoa izango da: «xxxx “xxx xxx' xxx” xxx». Azkenik, aipuaren amaierako puntua erreferentziaren ondoren ipiniko da: “[...] jarraitzen zuen Zaldibiak” (Intxausti 1999).
  • Aipu luzeak. Aparteko pasartean idatziko dira, letra tamaina 10,5 puntukoa izango da eta testu arruntetik bereizteko, ezkerretik eta eskuinetik 1,5 cm-tako koska utzi behar da. Halaber, aipuaren aurretik eta ondoren, tarteko lerro zuri bat utziko da. Kasu honetan, amaierako puntua erreferentziaren aurretik jarriko da: [...] jarraitzen zuen Zaldibiak. (Intxausti 1999)
  • Aipuko lehen lerroak ez du ondokoak baino barrurago egon behar.
  • Aipuaren barruko paragrafo artean lerro zuririk ezin da sartu.
  • Idatzi gabe geratzen den esaldia edo esaldi zatia kako zuzen edo parentesi karratu artean eta hiru eten puntu jarrita adieraziko da: [...]

10. Erreferentziak eta oharrak[1]

  • Ohar gehiegikeriak mugatzeko ahaleginak hobetsiko dira. Erreferentzia guztiak, ahalaz, testu barnean txertatuko dira, artikuluaren bukaeran erantsi ohi den bibliografiarekin lotuz, honela: (Larramendi 1729), (Mitxelena 1961: 123).
  • Egile bakarra denean, deitura eta urtearen artean ez da komarik jarriko: (Villasante 1961).
  • Bi egile direnean, bi deiturak puntu eta koma bidez bereiziko dira: (Furet; Ozouf 1977). Hainbat liburu edo artikuluri erreferentzia egiten zaienean, argitasuna helburu, bestelako formula batzuk erabili izango dira (Deumert eta Vandenbussche 2003; Coupland, Kristiansen & Deumert 2011).
  • Egileak hiru baino gehiago direnean lehena eta et al. edo eta beste agertu behar dira. Bukaeran, erreferentzia guztiak zerrendatzen direnean, egile guztiak agertu behar dira.
  • Egilerik ez denean obra bera aipatuko da, eta izenburua luzea bada, eten puntuak erabiliko dira: (Registro... 1829: 133).

11. Erabilitako bibliografia[2]

  • Erreferentziak artikuluaren bukaeran emango dira, oinarrizko eredu honen arabera:

-AZKUE, Resurreccion Maria (1896). Proyecto de ortografía: sometido á la censura de los que se dedican á cultivar el euskera. Bilbao: Müller y Zavaleta.

- LAFON, René (1975). «Indices personnels n’exprimant rien de déterminé dans les verbes basques», in Mélanges linguistiques offerts à Emile Benveniste. Paris: Société de linguistique de Paris: 331-337.

- LARRAMENDI, Manuel (1729). El imposible vencido: arte de la lengua bascongada. Salamanca: Antonio Joseph Villargordo Alcaráz.

- MITXELENA, Koldo (1959). «Euskal-itzak zein diren», Euskera 4 (1959): 206-214.

- MITXELENA, Koldo, SARASOLA, Ibon (1990). Textos arcaicos vascos. Contribución al estudio y edición de textos antiguos vascos. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia eta UPV/EHU.

- URKIXO, Julio (1967). «De paremiologia vasca: Oihenart conoció los “Refranes y sentencias en vascuence” de 1596», ASJU I (1967): 3-44.

ZUBIMENDI, Joxe Ramon, ESNAL, Pello (1993). Idazkera liburua. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

  • Dokumentua soilik modu elektronikoan eskura daitekeenean, honela aurkeztuko da:

Egilearen deitura, Egilearen izena (argitalpen-urtea). Artikuluaren izenburua. Argitalpenaren izenburua, xx: or-or. http://www.xxxxxxxx. helbidetik eskuratua. (Kontsulta data ere jarri behar da).

WALIÑO, Josu (2016). «Euskara eta Internet: Zortzigarren lurralde konkistatzen», Euskera 61, 1: 42-44. http://www.euskaltzaindia.eus/dok/euskera/80887.pdf

  • Dokumentuak beste euskarri batzuetan argitaratu direnean (CD-ROM, DVD), irizpide berak erabiliko dira, baina amaieran euskarria zein den adieraziko da kako zuzen edo parentesi karratuen artean [...].
  • Egileak artikuluaren bibliografia oinarrizko eredu horren arabera antolatuko du. Kasuan-kasuan izan daitezkeen zehaztapenak edota berezitasunak argitaratzaile-arduradunarekin batera konpondu behar ditu.

12. Oin-oharrak

  • Artikulu bakoitzean zenbaketa 1etik hasiko da.
  • Oin-oharrak kasuan kasuko orrian agertuko dira, eta ez artikuluaren bukaeran.
  • Testu-gorputza: 10.
  • Oin-oharraren adierazgarria den zenbakitxo goratua puntuazio markaren gibeletik idatzi behar da.

13. Ilustrazioak

  • Lerro eta zutabeetan ematen den informazioa TAULA izenarekin izendatu behar da.
  • Argazkiak eta grafikoak IRUDIA izenarekin izendatu behar dira.
  • TAULAK eta IRUDIAK kronologikoki zerrendatu behar dira, taulak alde batetik eta irudiak bestetik.
  • Bietan iturria adierazi behar da.
  • Argazki eta irudiak deskribatzeko oinak 10eko letra-gorputzarekin idatziko dira eta esandako horien aurretik idatzi behar dira.
  • Irudiak jpg. edo tankerako formatuan eman behar dira eta gutxienez 300 dpi-ko bereizmenean.

14. Egile eskubideak

  • Egileek modu esklusiboan lagatzen dizkiote Euskaltzaindiari argitaratutako artikuluen gaineko erreprodukzio-eskubideak.

[1]  ASJUk eredu bera jarraitzen du.

[2]  Euskera Batuaren Eskuliburuan ageri den eredua jarraitu da.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus