22.2.4.5. Adberbio gisa erabiliak mugatzailea eta guzti


22.2.4.5. Adberbio gisa erabiliak mugatzailea eta guzti

Zenbaitetan, azkenik, adberbio gisa erabiltzen den izenkia forma absolutuan, mugatzaile eta guzti, agertzen zaigu: Zabal-zabala erori zen; Gosaria doi-doia bukaturik, horra non emakume ezti hura dolorezko itxuran zutitu zen (Jon Muñoz); Kattalin eta Sophiek begiak zabal-zabala ezartzen dituzte (Bidegain).

Azken adibide hori aski adierazgarria da, zeren berez adjektiboa den zabal hitzak artikulua harturik ere (zabal + a), ez du inolako numero komunztadurarik egiten izenarekin: begiak zabalak behar luke izan hor, baina adberbio gisa erabiltzen denez ezin du komunztadura hori egin. Holako adibide gehiago ere aurkitu ditugu idazleen artean: Hurbilago eta tristeago agertzen ziren, gorri-gorria, eguzkiak erreak (X. Arbelbide); Urrundu ziren, isil-isila, Jesusganik (Larregi); Gizon gaizoek atorra dute gerrian xamar petit ageri, eta bi esku hutsak luze-luzea lurrerat dilindan! (J. P. Arbelbide); Gogoetan ari da, kadiran jarririk, zangoa luze-luzea, ohartu gabe minutuen orratza itzultzen ari dela (Bidegain).

Adberbioak gehientasun mailan dagoelarik anitzetan hartzen du mugatzailea: Goraka begiratu du, hurrena zorura, eta hurrenago goraka (Zubizarreta); Eta bentariak […] ahaleginak egin zituen egin, ahal zuen ongiena afaria antolatzen (Ezkiaga); Horretarako ezinbestekoak dira, aurrena, norberaren apaltasuna, hurrena adiskideen iritziak eta, azkena, kritikoen iruzkinak, baina hirurak ala hirurak hain dira urriak… (Zubizarreta). Horiekin batera -ik daramatenak ere aski arruntak dira: Aurren-aurrenik, garbitu egin behar! (Jon Muñoz); Azkenik, urruneko gauzak gerturatu zaizkigu bat-batean (Salaburu). Aldiz, hurrenik adberbioak ez du ia lekukotasunik egungo testu idatzietan, eta tradizioan Mirandek, Erkiagak, Orixek eta Lizardik erabili dute.

Edo artikulurik gabe ere agertzen da inoiz: Ahal den azkarren etxera karta eskribitzea… (Tx. Garmendia).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Siège social

  • B
  • BISCAYE
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBAO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Centre de recherche

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 SAINT SÉBASTIEN
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Represéntations

  • A
  • ALABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 VITORIA-GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GUIPUSKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 SAINT SÉBASTIEN
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAVARRE
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 PAMPELUNE
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

L'association

  • P
  • PAYS BASQUE NORD
  • Château Neuf
    15, place Paul Bert
    64 100 Bayonne
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper