Euskara Batuaren Eskuliburua

izen bereziak: kontsonantez (n, l, s, z, tz edo r) bukatzen diren leku-izenen deklinabidea

izen bereziak: kontsonantez (n, l, s, z, tz edo r) bukatzen diren leku-izenen deklinabidea

Lekuzko kasuetan —-ko, -ra(t), -rantz, -raino eta -tik kasuetan, alegia— bi moldeak jotzen ditu zuzentzat arauak. Eibar izenaren kasuan, esate baterako: Eibarko/Eibarreko, Eibarrera/Eibarra, Eibarrerantz/Eibarrantz, Eibartik/Eibarretik, bi moldeak dira zuzenak. Antzeko gorabehera dute Irun (Irungo/Iruneko...), Usurbil, Gasteiz (Gasteizko/Gasteizeko...), Zarautz, Elgoibar, Abaigar, Eratsun, Gares, Etxarri Aranatz, Lemoiz... eta horiek ere; eta baita Sudan, Brasil, Madril, Paris, Honduras, Austerlitz, Ekuador eta gisako kanpoko izenek ere.

 

Arauak ez du ez hobespenik ez lehentasunik adierazten aldaera bataren edo bestearen alde. Erabilerari erreparatuz, hala ere, badirudi joera nagusi bat ari dela hedatzen: -e- epentetikorik gabeko aldaeraren alde egiten duen joera, hain zuzen ere -ko eta -tik kasuetan (Eibartik, Gasteiztik, Eibarko, Gasteizko...); baina -e- epentesidunak besteetan (Eibarrera, Gasteizeraino, Elgoibarrerantz...).

 

Kontsonante guztietarako balio du paradigma horrek, non eta ez dagoen morfofonologiazko egokitzapenen bat egin beharrik. Bi kasu hauetan gertatzen da hori:

• -tz bukaera duten izenetan (Zarautz, Agoitz), non, kontsonantez hasten bada kasu-marka, bukaerako -tz hori -z bilakatzen den: Zarautz, Zarauztik/Zarautzetik...; Agoitz, Agoizko/Agoitzeko... Horietan ere bi moldeak zuzenak izanik ere, -e- epentetikorik gabeko moldearen alde egitea gomendatzen da [155. araua (6. oharra)]: Zarauzko, Zarauztik...; Agoizko, Agoiztik...

-n edo -l bukaera duten izenetan, non -tik ablatiboaren forma ahostundu egiten den eta -dik bilakatzen: (Irun) Irundik/Irunetik, Irungo/Iruneko...; (Usurbil) Usurbildik/Usurbiletik, Usurbilgo/Usurbileko, (Argantzon) Argantzondik/Argantzonetik... Horietan ere bi moldeak zuzenak izanik ere, joera nagusia -e- epentetikorik gabekoaren aldekoa dela dirudi: Irungo, Irundik...

 

Kanpoko izenei buruz ez dago araurik. Euskaltzaindiak munduko estatuen (zein Espainiako probintzien) izenak arautzean, molde honetara jokatu du (-ko kasua bakarrik ageri da datuetan):

  • -n edo -l bukaera duten izenetan, -go egiten du: Sudango, Beningo, Leóngo...; Brasilgo, Portugalgo, Israelgo, Madrilgo...
  • -r eta -s bukaera dutenetan, -ko: Ekuadorko, Timorko, Hondurasko, Laosko...
  • Gainerakoetan, -e- epentetikoa ageri da: Irakeko, Kuwaiteko, Txadeko...

Hala ere, araurik ezean, ezin da esan gaizki daudenik bestelako hauek: Portugaleko, Madrileko, Timorreko...

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (272-274).

—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (479-481).

— “Lekua adieraztea: NON, NORA, NONDIK bukaeran n, l, s, z, tz edo r letra duten izenetan (Irun, Madril, Paris, Zarautz, Eibar...)”, Jagonet galde-erantzunak.

EUSKO JAURLARITZA, Hezkuntza saila (1992). Euskaltzaindiak batasunerako eskaini dituen erabakiak.

MUJIKA, Alfontso (2013). "Deklinabide-printzak", 31 eskutik.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper