alokutiboa

alokutiboa

Egungo euskaldun asko aditz-erregistro bakar batez baliatzen da mintzatzean. Bigarren pertsonako ZU tratamendua ematen dio aurrean duen solaskideari, eta forma alokutiborik gabeko adizkiak erabiltzen ditu ( aditz laguntzaile batua). Erregistro neutroa deritzo molde horri, eta horixe da gaur egungo jarduteko modurik hedatuena: joan da, etorri naiz, eman diogu. Batzuek HI tratamendua ere erabiltzen dute (joan haiz), baina aukera horrek, beherago adierazten den bezala, hikako alokutiborako urratsa eskatzen du.

Izan ere, euskarak badu erregistro alokutiboa ere (izan du egun zaharkitua geratu den berorikako tratamendua ere ( berorikako tratamendua)). Molde alokutiboan, igorleak, erregistro neutroan ez bezala, aurrean duen solaskidearen marka ere islatzen du adizkian. Alokutiboan, hartara, egin daiteke ‘hika’: joan dun/duk [joan da], eta egin daiteke, ekialdeko euskalkietan bezala, ‘zuka’: joan duzu (düzü) [joan da].

TRATAMENDUA ERREGISTROA  
Berorika Neutroa Berori lasai dago, baina ni larri ibili naiz.
Zuka (mendebaldean) Neutroa Zu lasai zaude, baina ni larri ibili naiz.
Zuka (ekialdean) Alokutiboa zuka Zu lasai zaude, baina ni larri ibili nauzu.
Hika Alokutiboa hika Hi lasai hago, baina ni larri ibili naun/nauk.

Euskaltzaindiak, 14. arauan, hikako adizki alokutiboen batasunerako formak bakarrik arautu zituen (ekialdeko zukako formek batu gabe jarraitzen dute). Erabilera-arazoak ere (mendeko perpausetan bai ala ez, etab.) eta jardun-ingurumariari edo erregistroari buruzkoak (nori hitz egin hika, etab.) ez daude araututa. Hala ere, komeni da ohar batzuk egitea gaur egungo alokutiboko jarduera-molde hedatuenaren berri emateko:

a) Hika mintzatzean, bigarren pertsona ez da ZU, HI baizik: zu etorri zara > hi etorri haiz.

b) Behin hika egitea erabaki bada, ezinbestekoa da hikako alokutiboan aritzea: *Hire laguna etorri da (> Hire laguna etorri dun/duk). Mintzakidearen erreferentziak ageri behar du aditzean: dun (emakumezkoa) / duk (gizonezkoa). Ez da hala gertatzen erregistro neutroan aritzean: *Zure etxera joango gaitun/gaituk (> Zure etxera joango gara).

c) Hika mintzatzean, hi tratamenduari dagokion adizkia erabiltzeaz gain (etorri haiz), 1. eta 3. pertsonetako adizkiak ere aldatu egin behar dira: Hi etorri haiz, baina besteak ere etorri (*dira) ditun/dituk; Hik egin didan/didak, baina haiek ere egin (*didate) zidaten/zidatek. Hik egin dun/duk, baina nik ere egin (*dut) dinat/diat.

d) Menderagailua daramaten aditzek, orain arteko erabileran eta tradizioan, ez dute alokutiborik eramaten:

?Andoni etorri dunala entzun dinat (> Andoni etorri dela entzun dinat (Baina bai: Hik egin dunala entzun dinat [hor ez dago alokutiborik])).

?Elkartzen gaitukenean, gogotik egiten diagu barre (> Elkartzen garenean, gogotik egiten diagu barre).

?Esan dik ez duala etorriko (> Esan dik ez dela etorriko).

Oharra: Halere, mendebaldeko zenbait erabileratan, agertzen dira adizkera alokutiboak baldintza-perpausetan: Gure galdezka inor etortzen baldin badek, esaiok elkar hilda errekan gaudela.

e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?).

f) Erregistro alokutiboa, aditz laguntzailearekin ez ezik, aditz trinkoekin ere moldatzen da: natorren/-k [nator]; zauden/-k, zeuden/-k [daude]; zakinat/zakiat, zekinat/zekiat [dakit]...

g) Hikako adizki batzuen eta adizki alokutibo batzuen arteko nahasmenduak saiheste aldera, komeni da:

• Forma berdintsuak ondo bereiztea:

(‘ekarri’, hiri, neutroan)               (‘ekarri’, alokutiboan)

(haiek) ekarri diNAte/diAte           (dute) ekarri diten/ditek

(nik) ekarri dizkiNAt/dizkiAt         (ditut) ekarri ditinat/ditiat

• Forma berdinak badaudela jakitea: [ekarri] dinat/diat (hiri, neutroan); [ekarri] dinat/diat (“dut”, alokutiboan).

h) Berez, gramatikaz, bati baino gehiagori zuzentzerakoan, neutralizatuta geratzen da hikako tratamendua, aurrean daudenak zuek baitira eta ez hi; esan nahi baita alokutiboak ez duela hartzaile pluralik. Hala eta guztiz ere, gramatikaren ikuspuntuaren kontra, hikako tratamendua sarri erabiltzen da egoera horretan ere; multzoari hitz egitean, alegia. Baina badu muga bat: toka (gizonezkoari dagokion eran) egiten da, baldin denak gizonezkoak badira eta haiek beren artean buruz buruko guztietan toka egiten badiote elkarri, edo noka (emakumezkoari dagokion eran) egiten da, baldin denak emakumeak badira eta haiek beren artean buruz buruko guztietan noka egiten badiote elkarri.

 

Adizki erabilienen paradigma batzuk —hala aditz laguntzaile batuarenak nola aditz trinkoenak— eranskinetan daude (518. or).

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (387-395).

—(1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (401).

—(2005). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI (EGLU VI). Bilbo: Euskaltzaindia (22).

— “Aditzaren jokabidea: hitanoaren formak”, Jagonet galde-erantzunak.

OYHARÇABAL, Beñat (1994). Hitanoa non eta nork erabiltzen duen», Euskera 39: 969-981.

ALBERDI, Xabier (1994). “HITANOA NON ETA NORK ERABILTZEN DUEN”, Euskera 39 (984-993).

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (216-218).

EHUko Euskara Institutua (2012). Sareko Euskal Gramatika. (SEG). “Euskararen tratamenduak eta aditz alokutiboa”.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper