Euskara Batuaren Eskuliburua

erdi

erdi

Hitz-elkarte askotan agertzen da erdi hitza, lehen osagai gisa (ezkerrean) zein bigarren osagai gisa (eskuinean).

 

IDAZKERA [EH]

erdi hitz-elkartearen lehen osagaia denean:

- Lotuta, tradizioko hitzetan: erdialde, erdibide, erdigune, erdipurdi.

- Lotuta, izenei edo izenondoei atxikia erdarazko semi- aurrizki jasoaren adiera duenean: erdieroale, erdiesferiko, erdizirkular, erdikontsonante, erdiireki, erdigaingabetu, erdiiragazkor, erdinomada, erdiautomatiko, erdipubliko...

- Marratxoarekin, hitz-elkartearen esanahia eskuineko izenak adierazten duenaren erdia denean: erdi-prezioan [saldu] [prezioaren erdian saldu] eta erdi-lanak [egin] [lanen erdiak egin].

- Marratxoarekin zein bereiz, aukeran, erdi hitzak erdiko esan nahi duenean (letra larriz hasitakoetan, ez da marratxoa erabili ohi): erdi(-)maila, Erdi Paleolito, Erdi Aroa.

- Bereiz, erdizka adierazten duenean, adizlagunekin (NOLA): erdi lo, erdi jantzita, erdi barrez, erdi hilik, erdi negarrez, erdi txantxetan, erdi ezkutaturik... Baita, esanahi berarekin, izenekin (ZER) eta izenondoekin (NOLAKOA) ere: erdi itsu, erdi gizon, erdi txori, erdi tentel, erdi zoro, erdi haserre...

erdi hitz-elkartearen bigarren osagaia denean, izen baten ondoren beti:

- Lotuta, erdarazko semi- aurrizki jasoaren adiera duenean (zeren erdi adieran): esferaerdi, finalerdi, fusaerdi, kortxeaerdi, tonuerdi, zirkuluerdi, zirkunferentzierdi, zuzenerdi.

- Marratxoarekin zein bereiz (zeren erdi adieran): bide(-)erdi, buelta(-)erdi, erregu(-)erdi, hitz(-)erdi, dozena(-)erdi, libra(-)erdi, kana(-)erdi, pinta(-)erdi, ontza(-)erdi, ordu(-)erdi, litro(-)erdi...; beraz, aste(-)erdi, sagar(-)erdi, herri(-)erdi[ak badaki], bizitza(-)erdi[a kartzelan eman du]... Zati-elkarte moduko hitz-elkartetzat hartzen da.

erdibide ≠ bide-erdi: Erdibidean elkartu ziren (bidearen hasierako puntutik eta amaierako puntutik distantzia berera dagoen bideko puntua); Bide-erdia egina genuen ordurako (bidearen erdia).

 

SINGULARRA/PLURALA. Ez da gauza bera liburuaren erdia (liburu-erdia) irakurri zuen edo liburuen erdiak irakurri zituen esatea. Lehenengoan, norbaitek liburu baten erdia irakurri duela adierazi nahi da. Bigarrenean, berriz, liburu multzo batetik, multzo horren erdia-edo irakurri duela (modu hauetara ere esan daiteke bigarren hori: liburuetatik/liburuetarik erdiak eta libururik erdiak).

Izen singular bati badagokio, sinonimia gertatzen da aukerako bi moldeen artean: lurraldearen erdia eta lurralde-erdia, gaztaren erdia eta gazta-erdia. Pluralekoetan, berriz, nabarmena da aldea: sagarren erdiak (ZENBAT?: sagar kopuruaren erdia) eta sagar(-)erdia(k) (ZER?: bi parte berdinetan banatutako sagarraren zati bakoitza) ez dira gauza bera, ez eta puntuen erdiak eta puntu(-)erdia(k) ere. Gazten erdiak usteldu dira eta gazta-erdiak usteldu dira perpausek, adibidez, guztiz esanahi desberdina dute.

 

KOMUNZTADURA. Erreferentea singularra bada, singularrean egiten da komunztadura. Gazta-erdia jan genuen. Plangintzaren erdia betetzeko dago. Erreferentea plurala bada, pluralean. Ikasleen erdiek (*ikasle erdiek) gainditu dute azterketa. Globoen erdiak (*globo erdiak) zulatu ditu.

 

Erdiri dagokion komunztadura-joko berdina dagokie laurden eta heren izenei ere.

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (126-128).

— “Kuantifikazioa adieraztea: erdi (egunen erdiak; lagunen erdiak; hortzen erdiak)”, Jagonet galde-erantzunak.

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (142).

ZUBIMENDI, Joxe Ramon (2004). Ortotipografia. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (65).

BERRIA (2006). Estilo-liburua. Ortotipografia (erdia/erdiak). Donostia: Berria.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper