Botila bat ardo esatean ‘ZENBAT (ardo)’ adierazten dugu, eta ardo-botila bat esatean, berriz, ‘ZER (botila)’. Lehenengoa neurri-sintagma da, eta egitura hau darama: <zenbatzailea + neurri-izena + gaia>: bi botila ardo, bost kilo sagar, sei metro soka, baso bat ur... Bigarrena, berriz, izen-elkarketa normal bat da (ardo-botila), eta azken adibide horretan, esaterako, ‘ura edateko baso bat’ adierazten du; edontziaz ari da, alegia.
Neurri-sintagma asko unitate-izenekin osatzen dira (gramo, kilo, tona, litro...), baina beste zenbait izen ere erabiltzen dira neurri gisa: eskukada, baso(kada), zaku(kada), kaxa, botila, txarro, tableta... Bigarren horiek dira gehienetan zalantza-iturri.
lau kilo laranja (*lau laranja kilo)
bi dozena porru (*bi porru dozena)
litro-laurden ardo; laurden-erdi bat olio
bi baso ur (ZENBAT; edukieraz ari da) ≠ bi ur-baso (ZER; ontziaz ari da)
lata bat garagardo (ZENBAT; edukieraz ari da) ≠ garagardo-lata bat (ZER; ontziaz ari da)
Honako hauek honela esatekoak dira ZENBAT (zehazkiago, ‘zenbat zer’) adierazi nahi bada (<zenbatzailea + neurri-izena + gaia>): Bota baso(kada) bat olio!, Bota baso bete olio (*Bota olio-baso(kada) bat). Bi dozena porru eman zizkion (*Bi porru dozena eman zizkion). Lau kilo laranja erosi (*Lau laranja kilo erosi). Atera, mesedez, baso bat ur (*ur baso bat). Zenbat balio du hiru litro urek? (*hiru ur litrok).
ZENBAT horrek kantitatea, neurria adierazi eta zenbatzailea daramanez, mugagabeko kasu-markak dagozkio: Atera, mesedez, baso bat ur (*Atera, mesedez, baso bat urA). Zenbat balio du hiru litro urek? (*Zenbat balio du hiru litro urAk?).
Bestetik, prezioaz ari garelarik, neurri-unitatea aipatzean, <zenbatzailea + neurri-izena + gaia> egitura erabili ordez, <gaia eta unitatea> batera aipatzea da nagusi tradizioan, besterik ere ikusten den arren:
Zenbatean dago azukre-kiloa? Zenbat balio du azukre-kiloak?
Kalkula ezazu zenbatean saltzen den patata frijitu kiloa.
Zegan dago egur-tona?
Atzo 1,31 euroan zegoen gasolio-litroa.
Hogeita hamar franko (da) (ziza-)kiloa.
Bakoitz adjektiboa aukeratzen bada, egitura hau da erabiliena: <neurri-izena + gaia + bakoitz>: Kilo haragi bakoitzeko, euro-erdia galtzen du.
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (115-118).
— “Kuantifikazioa adieraztea: baso bat ur”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Hitz elkartuak: botila ardoa, ardo-botila”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Kuantifikazioa adieraztea: zenbat (zenbat balio du kilo bat mahatsek? / *zenbat balio du kilo batek mahats?)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Kuantifikazioa adieraztea: litro (komunztadura: hiru litro urek / *hiru litro urak)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (137-139).
ZUBIMENDI, Joxe Ramon (2004). Ortotipografia. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (41).
ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (101-102).
EHUko Euskara Zerbitzua (2012). "Neurri-sintagmak", Ehulkuren aholku guztiak.