Beti esan izan da euskara batua zein eremutarako den: alegia, euskara landua, zaindua, erabili behar denerako (administraziorako, komunikabideetarako eta irakaskuntzarako); hau da, erregistro formalerako. Beraz, lagunartean, kalean, etxean... —egoera informaletan—, euskalkiak eta aldaerak erabiltzea zilegi bakarrik ez, gomendagarria ere bada (bai euskaldun zaharrentzat, bai berrientzat); erregistro arrunt, lagunarteko, ez-zaindu do ez-formala deritzo molde horri. Erregistro-aniztasun hori kudeatzen jakitean dago, preseski, hizketa naturalaren gakoa.
Hizketa berez malgua denez, testuinguruak aginduko du etxea [etxea] ala [etxia, etxie, etxí...] esan behar den; zahar [za.(h)ar] ala [zar]; dago [dago], [dao] ala [do]; Zenbat da? [zenbat-da? / zenbata?] ala [zenbada?]... Horietan, lehen aukerak dira egokiak ahoskera zaindurako; bigarrenak ere egoki-egokiak dira, ordea, bakoitza bere erregistroan. Zuzen bakarra ez da erregistro jaso, formal edo zaindua; ez-zainduak ere bere toki eta egiteko naturala du.
Hizkera ez-zaindua kaleko eguneroko ahozko hizkuntzan gauzatzen da batez ere, eta, kate mintzatuan hitzak elkarren segidan ahoskatzen direnez, soinu-uztartzeak eta soinu-aldaketak gertatzea da ohikoena hartan. Bestelako alorretako ezaugarriak ere badiren arren (lexikoak, morfologikoak, sintaktikoak), hizketa-mailako ezaugarri fonetikoak dira ahozko hizkuntzaren ezaugarri behinenak. Hauek, besteak beste, esate baterako:
- <ea, oa>: [etxia, etxie, umiak; geruago, telefonua] eta gisakoak
- <ia, ua>: [mendiya, mendixa, mendiža; buruba] eta gisakoak; edo, bigarren bokala aldatuz edo kenduz gertatuak: [mendie, mendi; burue, buru] eta kidekoak