Loturik idazten dira bigarren osagaia -(k)ide duten elkarteak: aberkide, adiskide, auzokide, baliokide, garaikide, lehiakide, solaskide... [25. araua; EH]
Hitz berriak sortzean, erdarazko co- aurrizkia daramaten hitz asko (es: ‘cooficial, corresponsabilidad...’; fr: ‘co-officiel, co(-)responsabilité...’) euskaraz -kide bidez eratu dira azken urteotan, eta egoki asmatuak dira, baina komeni da jakitea Euskaltzaindiak ez duela arautu atzizki honen esangura eta hedadura. Hala ere, erabilerak onartu eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak jasoak dira, esaterako, hauek: bizikidetasun, bizikidetza, lankidetza, jabekidetasun, erantzukidetasun...; baina, horien ondoan, hor daude koentzima, koofizial, korrelazio eta kosinu ere.
EUSKALTZAINDIA. “Maileguak: gaztelaniazko eta frantsesezko co- aurrizkia (cooficial, co-officiel) euskaraz”, Jagonet galde-erantzunak.