Aditz-erregimenari begira, jokatu aditzak da/du erregimenak ditu, euskalkien arabera (Iparraldean da gisara erabiltzen da gehienbat): Dirua jokatu dute. Taldeak ondo jokatu zuen igandean. Bikain jokatu ziren arraunlariak. Ederki jokatu dira. Gaitezen joka, gaitezen dantza eta josta.
Jolastu, berriz, da sailekoa (jolastu da). Bertako zelaitxo batean jolasten ziren. Ederki jolastu gara: futbolean jokatu dugu. Jolastu esateko, beste bide hauek ere baditu euskarak: jolasean ibili, jolas egin, jolasean ari izan, jostatu... [EH]
Zertan/zertara/zerekin... jokatu/jolastu/ibili? Zein dira aukera egokiak?
Euskaltzaindiak besterik arautu artean, tradizioak agintzen du horretan, eta tradizioa ZERTAN ibili/jolastu erabiltzearen aldekoa da, argi eta garbi: pilotan, futbolean, tenisean, moto-krosean, surfean... ibili/jokatu/jardun/egin; pirataketan/piratatan, lapur-poliziatan, medikutan... jolastu; musean/kartetan/xakean/tokan/partxisean... jokatu/aritu/egin; amaketan, dendaketan, zezenketan, harrapaketan, kaniketan, sokasaltoan, panpinekin, baloiarekin... ibili/jolastu eta gisakoak erabiltzea da egokiena. ZERTARA galdetzailea, kasurik gehienetan, tradizioaren moldeetatik oso urrun geratzen da: *Pilotalekuan ezin da futbolera jolastu (> Pilotalekuan ezin da futbolean jokatu).
|
---|
Jokatuk —eta jokoak— irabaztea edo galtzea dakarte berekin, edo sari eta lehiaketaren batean parte hartzea. Hartara, tentuz zaintzekoak dira esamolde hauek: futbolean jolastu/jokatu pilota-partida jolastu/jokatu kartetan jolastu/jokatu xakean jolastu/jokatu (...) |
EUSKALTZAINDIA. “Aditzaren jokabidea: jokatu, jostatu, jolastu (da/du)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: zertan ibili/jolastu (pilotan, dendatan, zezenketan, harrapaketan...)”, Jagonet galde-erantzunak.
SALABURU, Pello, KINTANA, Xabier (1984). Euskara hobean hobe. Bilbo: UPV/EHU (126).