Euskaltzaindiak ez du araurik eman honi buruz, baina bada azken urteotan argitaletxeen eskutik hedatuz joan den jokamolde nagusi bat.
1. Izen horiek, oro har, lotuta idatzi ohi dira: Txanogorritxo, Bizargorri, Galtzagorri, Marigorringo...
2. Eraketan izen berezi zehaztu bat badago, bereiz ematen dira hura eta izengoitia (gehienetan izenondoa): Edurne Zuri, Peru Makur, Joxe Konkor, Martin Zikin, Jon Lohi, Bittor Burugogor, Mateo Txistu, Txanton Piperri, Peru Abarka, Anton Kaiku...
Oharra: Pintto txakurra, Donald ahatea, Kixki inurria eta gisakoetan dauden osagai generikoak —txakur, ahate, inurri...— ez dira larriz idatzi behar.
3. Gainerakoak, bereiz eta letra larriz hasita ematen dira: Katu Botaduna, Loti Ederra, Maitagarri Zoragarria...
ZALBIDE, Mikel (1995). “Hitz elkartuen osaera eta idazkera: gomendio-arauak prestatzeko erabili diren irizpideak”, LEF. Bilbo: Euskaltzaindia (97-98).
EUSKALTZAINDIA (1994-2012). Arauak. Bilbo: Euskaltzaindia. (180. eta 181. arauak).