‘Zurtu edo txunditu’ adieran, da/du erregimenetako aditza izanik, bakoitzari dagokion eran, molde hauek egokiak dira: Harritzen naiz horrela izatea, Harritzen naiz horrela izateaz, Harritzen nau horrela izateak.
Zaio erregimena ere egokia da (da aditza denez): Harritzen zait horrela izatea edo Harritzen zait aitak hori esatea. Desegokia eta baztergarria molde hau da: *Hori niri harritzen zait (> Horre(xe)k harritzen nau, Horrekin harritzen naiz, Harritzen zait horrela izatea..., esan ordez). [EH]
EUSKALTZAINDIA (2011). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII (EGLU VII). Bilbo: Euskaltzaindia (540).
— “Aditzaren jokabidea: harritu (da/zaio/du) (horrela izatea/izateaz)”, Jagonet galde-erantzunak.