h letra (hatxe)

h letra (hatxe)

IDAZKERA. H letraren auzia benetako auzi izan zen euskara batuaren hastapenetan (eta ez soilik hizkuntza-arrazoiengatik), batzuk alde, bestetzuk kontra. Tradizioari begiratzen badiogu, salbuespen batzuk gorabehera, bi ohitura egon dira euskaran: erabiltzen zen Iparraldeko idazkeran, baina ez hala Hegoaldekoan. Euskara idatziaren batasuna lortuko bazen, beraz, bikoiztasun hori noizbait gainditu beharra zegoen. Hala, 1979an, “Hletraren ortografi arauak erabakia hartu zuen Euskaltzaindiak. Euskera aldizkarian (XXIV, 1979, 659.-695. or.) dago jasota erabaki hori eta baita horretarako oinarri hartu ziren irizpideak, zerrendak eta zeinuen argitze-oharrak ere. Gaur egun, h letra zein hitzek duen jakiteko, aski da hiztegietara jotzea.

 

Arestian aipaturiko irizpide horiek hauek dira:

a) Hitz bakunak

• Hitz-hasieran, kasu hauetan ageri ohi da:

1. Hau, hori, hura, honek... erakusleetan.

2. Hemen, hor, han, hemendik... adberbioetan.

3. Zenbatzaileetan: hiru, hamar, hogei... (baina ehun).

4. Aditzeko singularreko 2. pertsonan: haiz, hintzen, hindudan, hadi...

5. Erdaratiko maileguetan: higiene, helikoptero...

6. Hala dutenetan: hots, hotz, huts, haur, harri, herri...

• Hitz barruan ere ager daiteke:

1. Bi bokal berdinen artean: ohore, mahai, zuhur, mihi... (Ez da inoiz ageri hitzaren bukaeraren eta kasu-markaren artean).

2. Bi bokal desberdinen artean: nahi, aho, bihotz, behar, lehia... (Ez da inoiz ageri hitzaren bukaeraren eta kasu-markaren artean).

3. Diptongoaren eta bokalaren artean: oihan, oihal, lehoi, leiho...

4. Aditz-erroetan: zihoan, dihardu...

• Garai batean nahastea eragin bazuten ere, honako hauek h gabe dira: auzo, auzi, aro, estu, orri, iaz, ildo, istorio, ostu, ziur, ibai...

b) Hitz eratorri eta elkartuak

• Hitz eratorri eta elkartuan h-dun elementua garbi agertzen bada hiztun normalarentzat, h-z idatziko da: behar > behartu, behartsu, beharrezko...; harri > harritu, harrigarri, harrika... Baina h gabe dira hauek, haren zantzua garbia ez delako: aizkora, aitzur, aizto, atzapar, alegia, azaro, ilargi...

• Elkarketan <kontsonantea + h> gertatzen bada, h-a kendu egiten da: oinarri, onartu... Baina marratxoaz edo berezirik idazten bada, gorde: behaztopa-harri, Euskal Herria...

• Elkarketako lehen osagaia silaba bakarrekoa denean, bigarrenak ez du sekula h hartzen (ezta gordetzen ere): dei + adar > deiadar; gau + erdi > gauerdi; goi + herri > goierri; hil + herri > hilerri...

• Hegoaldean bakarrik erabili izan diren hitzak (h gabeak, beraz) h gabe idazten dira, lehen osagaia gardena gertatzen ez denean: erbeste, espetxe, esparru, arbel, arkatz, ertzain...

h, normalean, bat bakarra izaten da eta lehen edo bigarren silaban joaten da. Badira, haatik, salbuespenak ere: hamahiru, hirurehun, berrehun..., berehala, goganbehar...

Hitz gutxi batzuetan, kontsonante ondoan ageri da h letra. Iparraldeko hitz batzuekin gertatzen da hori, alde batetik, h letrarik gabe erabat ulergaitz gertatzen direnekin (ala/alha); kontsonante ondoko h letra onartuko ez balitz, Iparraldeko hiztunek ez lukete hitz horiek erabiltzeko aukerarik. Eta bestetik, azken orduko maileguetan ere ageri dira (deshidratazio, inhibizio..., anhidrido, azido klorhidriko...).

 

DEKLINABIDEA HITZ-BUKAERAN. “h letraz amaitutako hitzak, idatziz, azken hatxea kontuan hartu gabe deklinatzen dira; hau da, amaierako hatxearen aurreko letra kontuan hartuta, dagokien bezala deklinatzen dira”. [184. araua]

 

Oharra: hatxez amaitutako hitzak deklinatzean, izen berezia izan zein izen arrunta izan, marratxoa erabil daiteke izenaren berezko itxura agerian uzteko gisan. Marratxoa erabiltzea ez da nahitaezkoa, aukerakoa baizik. ( marratxoaren erabilera kasu-marken aurretik)

Allah-ren izenean. Allah-k nahi badu.

Sam Peckinpah-ren azken filma. Sam Peckimpah-k egindako azken filma.

Sarah-ren lagunak. Sarah-k idatzitako gutunak.

Fatah-ko burua. Al Fatah-k hartutako azken erabakiak. Ramallah-ko kaleak. Txikizio handiak izan ziren Ramallah-n.

Persiako xah-aren gortea. Azken xah-ak erreforma asko egin zituen. Irango azken xah-a atzerrian hil zen.

 

Oharra: -ah amaiera duten hitz arruntak deklinatzeko, ez da kontuan hartzen a letraz amaitutako hitz arruntak deklinatzean gertatzen diren a + a a eta a + e e aldaketak. Adibidez, xah hitz arrunta honela deklinatzen da: NOR: xaha/xah-a; NORK: xahak/xah-ak; NOREN plurala: xahen/xah-en; NORI plurala: xahei/xah-ei...

 

AHOSKERA. Euskara Batuaren Ahoskera Zaindua (EBAZ) kontuan hartuta, tradizioen arabera jokatzen da [87. araua]. Hala, hizkera gehienetan ez da ahoskatzen: [Ø]. Eta ñabardura hauek hartu behar dira kontuan:

a) Hegoaldean, <joan> aditzaren iraganaldiko adizki jakin batzuetan —<zihoan, zihoazen>— ahoskera belarrak [x] —(gaztelaniaz jamón hitzeko j letra ahoskatzen den bezala)— egokiak dira.

b) Iparraldeko euskalkietako ph, th, kh letren ahoskeretarako, orobat dira egokiak ebakera hasperendunak.

c) Euskara zainduan ez da egokia h bestelako hotsez ordeztea: <ihes> [*iges]/[i.(h)es], <lehor > [*legor]/le.(h)or]...

 

Bestalde, h ahoskatzen ez den hizkeretan ere, bokal bakoitza silaba banatan ematea da ahoskera zainduko araua: [a.(h)o, be.(h)artu, ze.(h)ar..., bi.(h)urtu, bi.(h)ar, u.(h)al..., za.(h)ar, be.(h)e, le.(h)en, mi.(h)i, zu.(h)ur, o.(h)ore, i.(h)i...]. Hitz hauek eta gisakoak dira bereziki zaindu beharrekoak ahoskera zainduan: <behi> [be.(h)i], eta ez [*bei]; <nahi> [na.(h)i], eta ez [*nai]; <ohitura> [o.(h)i.tura], eta ez [*oi.tura]; <ehun> [e.(h)un], eta ez [*eun]; <nahiago> [na.(h)i.a.go], eta ez [*nayago], etab.

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA. “Ortografia: il/ill + h”, Jagonet galde-erantzunak.

ALBERDI, Andres (2014). Ahoskera, Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (19, 21-22).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper