ehuneko (%)

ehuneko (%)

Euskaltzaindiak arau hauxe baino ez dauka emana ehunekoei buruz: “Ehuneko hainbeste adierazteko marka, zenbakiaren aurretik jar bedi. Adibidez: % 5 = ehuneko bost” (Euskera, XVI, 1971). Gainerako jarraibideak azken urteotan gizartean errotuz joan diren hitzarmen aski hedatu eta onartuak dira.

 

LEXIKOA. Sinonimo gisa, portzentaje hitza ere onartua dago (ez hala *portzentaia), baina ehuneko da forma estandar nagusia. [EH]

 

SINBOLOA. <%> da sinboloa, eta haren euskal izena, ehuneko. Kopurua digituz idazten da eta % sinboloa zenbakiaren aurretik, bien artean hutsunea utzita: % 7 (*%7). Letraz ere eman daiteke: ehuneko zazpi.

 

JOSKERA. Ehunekoa dagokion hitzaren ondoren idatzi behar da sinboloa: ikasleetatik % 55, ikasleen % 55, botoen % 47. Molde hori finkatu da ikurra erabiltzen denean. Ikurrarekin, beraz, ez da komeni % 55 ikasle, % 47 boto moldea erabiltzea.

Zuzenak dira molde hauek ere: ehunetik/ehunetarik 55 ikasle, ehunetik/ehunetarik 47 boto...

 

KASU-MARKA. Sinboloaren eskuineko digituari lotzen zaio kasu-marka, dagokion atzizkia erantsiz marratxorik gabe (eta -e- epentetikoaren premia zainduz). Adibidez: Irabaziak % 7tik % 15era igo arren, % 7,3ko etekina atera du bazkideen % 82k.

Ehunekoa ZENBAT galderaren ereduan hartzen da eta, beraz, mugagabean jokatzen da: Gazteetan, % 7 azkarra da (*% 7a). Gazteetan, % 7k badaki (*% 7ak). Kontinentearen % 5 izotza da (*% 5a).

Hala ere, aurretik emandako ehuneko kopuru(ar)en osagarri delako-edo ezaguna bada —gainerako, beste edo gisako elementuren bat darama orduan—, mugatu singularrean jokatzen da. Adibidez: Udalak % 35 ordaintzekotan, Foru Aldundiak % 25, eta gainerako % 40a geuk. Herritarren % 24 ados dago, baina beste % 76a ez. Gutxi iruditu zait bankuan eman didaten % 6a.

 

ADITZAREN KOMUNZTADURA. Erreferentea plurala denean, ohikoa da pluralean komunztatzea: 4ri ez zaie tokatu ezer ere, eta 2ri bai. Hala uste dute galdetegian parte hartu dutenen % 36k. Talde horretako % 48,3 hispanoamerikarrak dira. Nolanahi ere, singularrean ere komunzta daiteke: Gazteen % 8 katoliko praktikantea da. Ikasleek proba bakoitzaren itemen % 20 gainditu behar izan dute.

Erreferentea singularra (zenbakaitza) bada, singularrean: Aurrekontuaren % 15 ez du gastatu oraindik. Elektrizitatearen % 30 haizetik lortzen dute.

 

ZENBAT, ZENBATEZ / ZENBATEAN. Aldea adieraztean, ZENBAT eta ZENBATEZ erabiltzea da molde egokia (eta ez ZENBATEAN), ehunekoekin nahiz bestela: *Prezioak % 5ean igo dira (> Prezioak % 5 igo dira. Prezioak % 5ez igo dira).

 

ZENBATEAN (NOLA) zuzena eta egokia da, jakina, honelakoetan: Arropa % 50ean jarri dute merkealdian. Urtegiak % 30ean daude lehortearen ondorioz. ( igo)

 

Proportzioak, ehunekoen bidez ez ezik, zatiki edo frakzioen bidez ere adierazten dira. ( zatikiak eta proportzioak)

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA. “Zenbakiak: ehunekoak (% 22k idatzi dute / *% 22ek idatzi dute)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Zenbakiak: ehunekoak (% 25etik / *% 25etatik; % 1ak / % 1ek)”, Jagonet galde-erantzunak.

ZUBIMENDI, Joxe Ramon (2004). Ortotipografia. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (45).

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (132).

ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza. (72, 89, 106).

EHUko Euskara Zerbitzua (2008). "Ehunekoak", Ehulkuren aholku guztiak.

ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (71-72).

EHUko Euskara Institutua (2012). "-n merkatu/garestitu", Kalkoen Behatokia.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper