*edin, *ezan eta *edun aditzak izartxoarekin agertu ohi dira gramatiketan. Izartxo horrek adierazi nahi du berreraikiak direla (hau da, asmatuak, erreferentzia teoriko modura). ‘Naiz’ adizkia izan aditzetik datorren moduan, ‘dezaket’ *ezanetik, ‘nadin’ *edinetik eta ‘dut’ *edunetik datozela esaten da, baina alde nabari bat dute: izan aditza, hizkuntza errealean, erabiltzen da («Ni izan naiz»), ez, ordea, *edun, *ezan eta *edin formak. Horiek gramatikariek asmatutako forma teorikoak dira, laguntzaile modura jokatzen duten nadin, hadi, dezaket, ezazu eta gisako adizkiei deitura bat emateko.