Izenei eransten zaie atzizki hau, eta hauxe da jokoa, oro har:
-ari, a bokalaz amaitzen direnei dagokie (dantzari, tabernari, botikari, gramatikari, politikari, kritikari, kimikari...). Hizkuntzalari, segalari eta trontzalari salbuespen dira.
-lari, oinarrian ia dutenei (ekonomialari, zientzialari, historialari...) eta bestelakoei dagokie (bertsolari, txotxongilolari, antzerkilari...).
Salbuespen dira aditzoinari lotzen zaizkion kasuak (pentsalari, ameslari, ikerlari (> ikertzaile)); izan ere, aditzek -le/-tzaile hartzen dute (hezle/hezitzaile (*hezilari), ikertzaile (*ikerle), asmatzaile, etab.).
Nolanahi ere, zenbait aditzetatik bi eratorri sortu dira, adiera banarekin: zuzentzaile/zuzendari, zaintzaile/zaindari, idazle/idazlari/idazkari... [49. araua]
EUSKALTZAINDIA (1994). LEF batzordea, “Eratorpenaz: -ari (-lari, -tari / -dari)”, Euskera 39, 3: 1040-1042.
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (241-243).