IDAZKERA. [7. araua]. Komeni da ohar batzuk egitea:
- Bost aldaera nagusiaren ondoan, bortz euskalki-forma ere erabiltzen da (Ipar. eta Naf.). Egoera berean daude hauek ere: hamabost, bostehun... / hamabortz, bortzehun...
- Hemezortzi aldaera nagusiaren ondoan, hamazortzi aukera ere ez da baztertzen.
- Hirurogei eta laurogei aldaera nagusien ondoan, badira ekialdean hiruretan hogei eta lauretan hogei gisako moldeak ere: hiruretan/lauretan hogei euro (= hirurogei/laurogei euro).
- Euskalki batzuetan milatik gorako zenbakiak ehunka ere konta daitezke: hamahiru ehun (mila eta hirurehun). Hamabi ehun eta hogeita hamalau (1.234).
- 2 zenbakia adierazteko bi ageri den arren, bada Iparraldeko biga era ere, bi zenbatzaileak izenordain gisa ari denean har dezakeen era (bat, biga, hiru). Ontzi bat, edo biga edo hiru. Bat dugunean, biga nahi ditugu; biga ditugunean, hiru. Baina *biga ikasle (> bi ikasle) eta kidekoak ez erabiltzea gomendatzen da, testuinguru horretan ez baita izenordaina, zenbatzailea baizik.
Hona hemen arauko kasu zalantzazkoen laburpena: |
|||
0 | zero | 20 | hogei |
2 | bi (biga) | 21 | hogeita bat |
5 | bost (bortz) | 25 | hogeita bost |
13 | hamahiru | 35 | hogeita hamabost (hogeita hamabortz) |
17 | 17 hamazazpi | 70 | hirurogeita hamar |
18 | hemezortzi (hamazortzi) | 80 | laurogei |
19 | hemeretzi | 90 | laurogeita hamar |
101 | ehun eta bat | 600 | seiehun |
300 | hirurehun | 700 | zazpiehun |
400 | laurehun | 800 | zortziehun |
234 | berrehun eta hogeita hamalau | 567 | bostehun eta hirurogeita zazpi |
1.200 | mila eta berrehun | 1.201 | mila berrehun eta bat |
13.425 | hamahiru mila laurehun eta hogeita bost | ||
47.689 | berrogeita zazpi mila seiehun eta laurogeita bederatzi |
ETA, ZENBAKIAK EMATEAN
AHOSKERA. Ehun eta bat zenbakian (eta gisakoetan) ez da beharrezkoa eta oso-osorik ahoskatzea; mintzairen arabera, [eta], [ta] edo [da] gisara ahoska daiteke. Gisa berean, 700etik gora edo 200etik gora edo 100etik gora idatzi behar da (*700dik gora, *200dik gora, *100dik gora), baina, esan/irakurri, [700etik gora / 700dik gora] esan daiteke.
DEKLINABIDEA. Zenbakiek bi sistema erabil ditzakete deklinatzean: izen gisakoa eta izenordain gisakoa.
a) Izena denean (zenbakia izendatzeko erabiltzen da orduan hitz hori), bokalez nahiz kontsonantez bukatu, gainerako beste edozein sintagma bezala deklinatzen da. Hau hirua da, eta beste hori bosta. Zein hiruren eta zein bosten azpian pintatu behar dira marrak? Hiruek eta zazpiek kolore bera dute.
b) Izenordain baten funtzioa duenean ere (alegia, sintagma osoa zenbakiak bakarrik osatzen duenean) gainerako beste edozein sintagma bezala deklinatzen da. Arratsaldeko bostak dira. Gauerdiko hamabiak dira. Hogei pertsonak egin dute hori: atzoko zortzik eta gaurko hamabik.
Hiru eta lau zenbakien deklinabideak salbuespenak dira pluralean [8. araua]. ;
Arratsaldeko hiruretan, goizaldeko lauretan dira forma zuzenak (*hiruetan, *lauetan).
Baina hiru(r) eta lau(r) zenbakien analogiaz sortu diren *zazpirak, *zortzirak eta gisakoak ez dira egokiak euskara batuan, horiek bokalez bukaturiko izenak bezala deklinatzen baitira: seiak, seietan, seietatik, etab. Hiru etorri dira, eta hirurak (*hiruak) euskaldunak. Sei etorri dira, eta seiak (*seirak) euskaldunak.
ZIFRAK ETA DEKLINABIDEA. Zifraz idatzitako zenbaki kardinalei leku-denborazko kasu-marka eranstean, kontuan hartuko da:
a) zenbakia bokalez bukatzen den, kasu-marka zuzenean erantsiko baitzaio:
(mugatu singularrean) 2an (bian) / *2ean; 3tik (hirutik) / *3etik
(mugagabean) 2tan (bitan); 3tatik (hirutatik)
b) zenbakia kontsonantez bukatzen den, loturazko “e” bat beharko baitu:
(mugatu sing.) 1ean (batean) / *1an; 5era (bostera) / *5ra
(mugagabean) 5etan (bostetan) / *5tan
c) mugatu pluralean, bokalez zein kontsonantez bukatu, kasu-marka zuzenean erantsiko zaio: 2etan (bietan), 5etan (bostetan), 7etatik (zazpietatik/*zazpiretatik)
Hamaika zenbakiaren deklinabidean, hitzak -a berezkoa duenez, ez dagokio beste a-rik: 11n (*11an), hamaikan [*(h)amaikean]. Beste hainbeste gertatzen da 31, 51, 71, 91... zenbakietan.
Mila zenbakiaz baliatzen gara sarri kopuru handiak adierazteko, baina euskaraz bada beste biderik ere hori adierazteko: Mila bider esan nion lana garaiz amaitzeko / Hamaika bider / Hamaikatxotan / Makina bat bider... esan nion lana garaiz amaitzeko.
Bat zenbatzailearen deklinabidea.
ORTOTIPOGRAFIA
- PUNTUAREN ERABILERA. Joera nagusiaren arabera, milatik gorako zenbaki osoetan, digituak hirunaka multzokatuz eta puntuz bereiziz ematen dira (gogora dezagun, hala ere, nazioarteko arauek (ISO/IEC 80000; SI/ISO 31-0) berariaz diotela puntua ez erabiltzeko, hutsunea baizik). Euskaltzaindiak horretaz berariazko araurik hartu ez duenez, ezin okertzat hartu nazioarteko arauari jarraitzea, batez ere testu jaso eta zientifikoetan). Dena dela, lau zifrako zenbakietan, ohikoa da puntua ez jartzea (2978, eta ez 2.978). Zatiki hamartarrak, dezimalak, berriz, komaz bereiziz ematen dira.
15.756.552,1724 = 15[puntu]756[puntu]552[koma]1724
100 € = 16.638,6 pezeta = 16[puntu]638[koma]6[hutsunea]pezeta
Baina puntuz bereizi gabe idazten dira, digitu guztiak elkarrekin lotuta, tartean hutsunerik utzi gabe, kasu hauetan:
a) Milatik gorako urteak ematean (hemen ere, irakurtzean, hobestekoa da tradizioko eta emendiozkoa esatea):
2008ko iraila (*2.008ko iraila)
1945ean (*1.945ean)
2017an (*bi mila hamazazpian > bi mila ETA hamazazpian)
2004tik (*bi mila lautik > bi mila ETA lautik)
b) Etiketa edo kode modura jokatzen duten zenbait zenbaki-sailetan, hala nola identifikazio fiskalekoa, posta-kodekoa edota telefono-zenbakia:
3348 bulegoa
IFZ: 72554829F (NIF, (es) número de identificación fiscal / (fr) numero d´identité fiscale)
Posta-kodea: 48990
Telefonoa: 946012222 (nahiz eta, praktikan, malgutasunez jokatzen den: 901 749 980 / 901749980 / 05 59 28 15 56 / ...)
- MARRATXOAREN ERABILERA. Zifraz idatzitako zenbaki kardinalak deklinatzean, ez da marrarik jarri behar zenbakiaren eta kasu-markaren artean, ezta zuriunerik utzi ere: urtarrilaren 2tik martxoaren 31ra (*2-tik, *31-ra; *2 tik, *31 ra). Esan 0tik 9ra arteko zenbaki bakoitiak. (Euskera, XVI, 1971). Berdin jokatzen da zenbakia ordinala denean.
KOMUNZTADURA. Tradizio-ohiturak ez dira berdinak , baina zenbatzailearen araberakoa da arau orokorra: bat baldin bada, singularrean da komunztadura: Ogi bat ekarri dut; bestela, pluralean: 10 urte ditu. Bi liburu erosi ditut. Zazpi azterketa izan dituzte astebetean.
Zenbait aditzen numero-komunztadura, hala ere, ez da arau normal horretara errenditzen beti. Esate baterako, NOR osagarririk gabeko aditzak; besteren artean, iraun.
ZIFRA HANDIAK NOLA IRAKURRI. Hau da ohitura nagusia:
1.200.000 | milioi bat eta berrehun mila |
1.687.513 | milioi bat seiehun eta laurogeita zazpi mila bostehun eta hamahiru |
2.700.000 | bi milioi eta zazpiehun mila |
60.200.001 | hirurogei milioi berrehun mila eta bat |
100.060.201 | ehun milioi hirurogei mila berrehun eta bat |
EUSKALTZAINDIA (2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (86-90).
—(1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (130-138).
— “Zenbakiak: 1.200.000 zenbakia nola idatzi letraz”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Zenbakiak: eta (bi milioi eta zazpiehun mila / *bi milioi zazpiehun mila)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Orduak adieraztea: deklinabidea (03:00etan, 04:00etan, 13:00etan)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Data adieraztea: hamaika (apirilaren 11 / *apirilaren 11a)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Kuantifikazioa adieraztea: komunztadura (10 urte du / 10 urte ditu)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Kuantifikazioa adieraztea: ugari (komunztadura: organo ugari egin ziren / egin zen)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: izan (komunztadura: 17 urte dut/ditut)”, Jagonet galde-erantzunak.
ZUBIMENDI, Joxe Ramon (2004). Ortotipografia. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (44).
ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza. (37-44).
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (135).
ALBERDI, Andres (2014). Ahoskera. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (31).
MUJIKA, Alfontso (2015). "Nola jokatu zenbakiak digituz idaztean? Orain, kontrakarrean ari gara", 31 eskutik.
BERRIA (2006). Estilo-liburua. Donostia: Berria.