Euskaltzaindiaren Hiztegiak hau dio ur hitzaren sarreran (sarreraren bukaeran): “Hegoaldean, mugagabean erabiltzen dena, uretan, uretara, uretatik, Iparraldean, mugatu singularrean erabiltzen da: urean, urera, uretik”. [EH]
UR GAZI, UR GEZA. Ur hitza gazi edo geza adjektiboaz lagunduta dagoenean, sintagma singularrean zein mugagabean erabil daiteke, bietara, ez baitu Euskaltzaindiak hobespenik egin. Uretan idazten duenak ur gezatako marinelak eta ur gazitako arrainak idazteko joera izan dezake, eta urean idazten duenak ur gezako marinelak eta ur gaziko arrainak idaztekoa. Horretaz gainera, pluralaren aukera ere hor dago: Amazonasko ur gezetan hazten diren landareak. Aral itsasoan geratzen den ura gero eta gaziagoa da, eta oso espezie gutxi izan dira gai halako ur gazietan bizitzen jarraitzeko.
Oro har, testuinguru mugatuetan ahuldu eta desagertu egiten da mugagabea erabiltzeko joera. Adibidez, izenlagun bat dagoenean: Mediterraneoko ur gazietan (?Mediterraneoko ur gazitan). Ibaiko ur gezan/gezetan ezin da bizi legatza (?Ibaiko ur gezatan).