Kontsonante palatalak —ñ, ll, tt, dd, x eta tx—, zenbaitetan, balio adierazkorra emateko erabiltzen dira, hala nola ñaño, ñiñi, Pello, Maddalen, nexka, muxu, beltx, txintxo... hitzetan agertzen direnak. Adierazkortasuna —hiztunaren egoeraren, sentimenduaren, ñabarduraren, balioespenaren... ukitu lexiko-semantikoa— adierazten dute tt kontsonanteek ere honako hauetan: kuttun, muttiko, puntta, ttunttun... Badira, hala ere, balio adierazkorrik gabekoak ere: bai euskal hitz gutxi batzuetan (beretter, kutturlio, panttupa, pattar, pettar, ttipi...), bai mailegaturikoetan (ghetto, kilowatt, ottawar...), bai Hegoaldeko -txo atzizki txikigarriaren baliokideetan ere (deabrutto, eguntto, batto...). [EH]