siglak

siglak

Hitzen hasierako letrez osatzen diren izenak dira berez siglak: AEK (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea).

Sigla-mota bat dira akronimoak ere, ez letraz letra baizik eta hasierako letrez gain beste bat edo batzuez osatuak eta hitz arrunt bezala irakurtzen direnak: EIMA (Euskarazko Ikasmaterialgintza). Erabiliaren erabiliaz, sigla izateari utzi eta izen arrunt bilakatzeko joera ere badute eta, ondorioz, halakoak hiztegian ageri dira (hies, esaterako). Jarraibide berak izaten dituzte siglek eta akronimoek.

 

Euskaltzaindiaren 196. arauan («Laburtzapenak: laburdurak eta siglak») zehazten da siglak zer diren, nola eratzen diren, nola irakurtzen diren, kasu-markak nola hartzen dituzten eta abar.

 

Jarraibide berak dituzte siglek eta akronimoek:

IDAZKERA

- Letra larriz, arruntez eta punturik gabe idazten dira: EGLU, EAE, HABE, AEK, ELA, LAB, UGT, BEZ, CD, CD-ROM...

Hala ere, kasu gutxi batzuetan, sigla eta akronimo batzuk izen berezi gisa idazten dira, marka bihurtu direlako (Renfe, Seat) edo bost letra edo gehiago izanik hitz gisa —eta ez letraka— irakurtzen direlako: Unesco, Irale...

- Testu osoa letra larriz dagoenean (tituluetan eta), kasu-marka marratxoz lotu ohi da: UZEI-REN GUNE BERRIA.

- Esan bezala, siglak beti letra arruntez idazten dira, nahiz eta ordezkatzen duten izena letra etzanez idaztekoa izan: EGLU (Euskal Gramatika. Lehen Urratsak); RIEV (Revista Internacional de Estudios Vascos-Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria).

- Letra larriz idazten diren siglak ezin dira zatitu lerro-bukaeran: *Horretaz deus ez du esan A- // EBko estatu-idazkariak (> AEBko).

 

NOLA IRAKURRI. Ohiturak ohitura, sigla batzuk silabaka irakurtzen dira, eta beste batzuk, letraka (silabaka ezin irakurriak ekartzen du letraka irakurri beharra):

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) / [e-hatxe-u]

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) / [e-hatxe-e]

Trafiko eta aparkamenduaren ordenamendua (TAO) / [ta-o]

Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) / [e-ga]

Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) / [e-a-jota]

Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB) / [lab]

Gutxiago badira ere, badira hitz arruntak bezala irakurtzen direnak ere: Unicef / [u-ni-zef] (Horixe da goragoko Unescoren kasua). Bada zati bat letraka eta bestea silabaka irakurtzen denik ere: Partido Socialista Obrero Español (PSOE) / [pe-so-e].

 

KASU-MARKAK NOLA LOTU

- Marratxorik gabe lotzen dira:

UEUn (*UEU-n); ETBko kazetariak (*ETB-ko); AEBko presidentea (*AEB-ko); EAJren ordezkaria (*EAJ-ren); EPPKk atera du agiria (...). BBKk adierazi du AEKko ikasleek gogotik eskertu dutela BBKren dirulaguntza.

- Siglaren azken letra R gogorra denean, ez da r letra errepikatu behar lotura egiteko; zuzenean lotzen zaio kasu-markari: FAGORen lana goraipatu du RPRko diputatu ohiak. Iheslariak babesteko eskatu du UNHCRk. RPRren izenean dator. Baldin eta erre letraz amaitzen den siglak bost letra edo gehiago baditu, silabaka irakurtzekoa bada eta letra xehez idazten bada (lehen letra izan ezik), amaierako erre letra bikoiztu egin behar da kasu-marka hartzean: Lurraldebusen babes-sistemak Aenorren ziurtagiria eskuratu du. ( izen berezi batzuen deklinabide-arazoak)

- Nola irakurri, hala lotzen zaio kasu-marka. Baina kontuan izan behar da datu hau:

Sigla batzuk izen berezien ordezkoak izaten dira; hala denean, haiek bezala hartzen dituzte kasu-markak (leku-izen bereziek bezala, alegia): EUTGko [eu-te-ge + ko] irakaslea da. EUDELeko [eu-del(e) + ko] arduradunak AEBra [a-e-be + ra] (*AEBetara) joan dira.

• Beste batzuk izen arrunten ordezkoak dira —BEZ (balio erantsiaren gaineko zerga), CD (compact disc), PC (personal computer), GKE (gobernuz kanpoko erakunde), NAN (nortasun-agiri nazional: (es) DNI, (fr) CNI)—, eta haiek bezala moldatzen dira; hau da, artikulua hartzen dute: Non grabatu duzu CDa?; Nork itzali ditu PCak?; Zenbat ordaindu duzu BEZa?; Bihar hastekoa da GKEen biltzarra; DNAren sintesia; Non jarri behar da NANaren zenbakia?...

- Sigla eta sinbolo berezi batzuk nola lotu.

a) Siglak direnez, marratxorik gabe honelakoak:

[Lehen Hezkuntza] LHko materiala

[Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza] DBHko liburua, DBH 4ko ikasleak

b) Sinboloak marratxoz lotzekoak dira; berdin haien moldekoak ere konbentzioz:

•  [3A/3B ikastaldeak edo gelak direlarik] 3A-ko ikasleak, 1C-ko haurrak. Zoaz azkar 3B gelara / Zoaz azkar 3B-ra (*3Bra).

• [A eta B enpresak direlarik] A-ren urteko errenta; B-ren lan-plana.

• [h letra] h-aren idaztarauak, v-aren balioa, b-aren ahoskera...

•  Hau da egitekoa: a-ren eta x-ren balioa aurkitzea.

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1969-1970). Euskera. XIV.

ZUBIMENDI, Joxe Ramon (2004). Ortotipografia. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (33-35).

BERRIA (2006). Estilo-liburua. Donostia: Berria.

MUJIKA, Alfontso (2015). "Sozietate anonimo eta bestelakoan inguruan: laburdurak, komak eta siglak", 31 eskutik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper