Plural hurbilaren kasu-markak arautuak dauzka Euskaltzaindiak (http://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/6844.pdf, 421. or.), baina ez hura noiz erabili behar den. Gramatika deskribatzaileetan, hala ere, bada argibiderik.
Hurbiltasuna adierazi nahi denean erabiltzen da, eta -o- artikulua da horren adierazpidea. Ni edo gu aurkitzen garen (edo zu/zuek zareten) multzoa da betiere hurbiltasunaren erreferentzia, hala ni/gu talde barnean gaudelako, nola aipagai dugun taldea aurrez aurre dugulako. Hemen gaudenOk ez dugu ezer ikasi. EtxeOk politak dira (= (Honako) etxe hauek politak dira). Etxeon kolorea ≠ Etxeen kolorea.
Plural hurbila ez ezik singular hurbila ere aipatzen da gramatiketan, bizkaierazko testuei dagokienetan bereziki: Hemen bertOn afalduko dugu. Adiskidea, jakin ezazu, aspaldiOn nabilena ezkontzeko asmotan.
Plural hurbila eta erreferentzia kataforikoak honako erabakiEkin / honako erabakiOkin / honako erabaki hauekin.
. Zalantza sor daiteke zein artikulu (-o- ala -e-) ote den egokiagoa honako erakuslea erabiliz gero, adibide hauen gisakoetan:Lehenengo adibidea zuzena bada ere, bigarrenaren eta hirugarrenaren alde egiten dute estilo-liburuek: honako erabaki hauekin / honako erabakiokin.
ZUONTZAT GUZTIONTZAT (*ZUEN GUZTIONTZAT). Horrelako egituretan biak deklinatu behar dira, plural hurbila ere jarririk. *Zuen guztiontzat ekarri dut / Zuontzat guztiontzat ekarri dut.
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (82, 240, 407, 421).
—(1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (468, 512).
— “Lexikoa: honako (honako erabakiekin / honako erabakiokin / honako erabaki hauekin)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Hurbiltasuna adieraztea: -ok (etxeok politak dira)”, Jagonet galde-erantzunak.