nominalizazio-estiloa (nominalizazioa ≠ aditz-izena)

nominalizazio-estiloa (nominalizazioa ≠ aditz-izena)

Nominalizazioa aditz batetik sortutako izenari deritzo, eta aditz-izenetik bestelakoa da ( aditz-izena). Nominalizazioan, aditza izen bihurtzen da erabat, eta, ondorioz, izenaren osagarriak bakarrik dagozkio; aditz-izena, berriz, erdi aditz eta erdi izen modura moldatzen da: izena den aldetik, deklinatu egiten da, eta, aditza den aldetik, aditz-osagaiak ere eraman ditzake.

 

Joera indartsuko moldea da nominalizazioa inguruko erdaretan (hizkuntza-maila jasoan batez ere). Haietan, esate baterako, guztiz normal egiten da aditzetik izenerako aldaketa (izen-egiturekin ondo moldatzen baitira), eta aditzetik sortutakoak dira, adibidez, izen (nominalizazio) hauek: reaparición/ réapparition, exposición/exposition, asimilación/assimilation, apertura/ouverture, cierre/fermeture...

 

Euskara, ordea, aditz-egituretan oinarritutako joskera baitu berezkoago, maiz ez da ondo egokitzen nominalizazio-estilo horretara, eta, haren ordez, aditz-egiturez baliatzen da sarriago. Nola? Aditz-izenaren bidez. Nominalizazio-estilora jo, eta -keta, -pen, -era, -mendu, -kuntza, -zio... eta gisako atzizkiekin sortutako izenak (aldaketa, sorrera...) erabili ordez, aditz-estiloa erabili ohi du. Hartara, honako esaldi hauetan, naturalagoak eta egokiagoak zaizkio bigarren aukerak:

a) Programaren erabilerarako zenbait ohar. (nominalizazioa)

b) Programa erabiltzeko zenbait ohar. (aditz-izena)

a) Irteera-egutegi baten prestaketa da gaurko eginkizuna. (nominalizazioa)

b) Irteera-egutegi bat prestatzea/egitea/moldatzea da gaurko egitekoa. (aditz-izena)

 

Euskaltzaindiak ez du inolako araurik eman gai honetaz, baina, azken urteotan, estilo-liburuetan maiz kritikatu izan dira erdal nominalizazio-estiloaren moldeko kalkoak. Izan ere, aditzaren ordez izena erabiltzean, harekin batera beste aditz hutsalago —aditz ‘betegarri’, ‘ortopediko’— bat sartzen da askotan (burutu, gauzatu, jasan, gertatu, suertatu, egin...) ( aditz-perifrasiak eta alferreko perifrasiak). Horrek erabat astuntzen du testua:

2008. urtera arteko kontratu-luzapena egin du / 2008. urtera arte luzatu du kontratua.

Egutegi baten prestaketa lortzea da helburua / Egutegi bat prestatzea/osatzea/betetzea da helburua.

Aldaketa handiak jasan ditu egutegiak / Asko aldatu da egutegia.

Klimaren aldaketa burutu da / Klimaren aldaketa gertatu da / Klima aldatu (egin) da.

Esne berezi horren salmenta botiketan gauzatzen da / Esne berezi hori botiketan saltzen da.

 

Esanak esan, ordea, nominalizazioa, askotan, premiazkoa da. Aldaketa, sorrera eta gisako nominalizazioak egokiak eta beharrezkoak dira batzuetan; hala gertatzen da, esparru espezializatuetan, informazioa trinkotzeko eta abstrakzioa lortzeko prozedura den aldetik. Alegia, komunikazio-egoera bakoitzak mota jakin bateko hizkuntza-baliabideak eskatzen ditu eta komunikazio-egoera formalek (hala nola diskurtso akademikoak) bereizketa lexiko-semantiko xeheagoak egitea eskatzen dute komunikazio-egoera ez-formalek baino. Ñabardura-joko horretan, adibidez, klima-aldaketa terminoa ez da klima aldatze hutsa, ez da ekintza hutsa, eta diru-sarrera terminoa ere ez da dirua sartze hutsa, ez da ekintza hutsa.

 

Gehiago jakiteko

GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (86-89).

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (86-88).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper